Itxi

Beste kirolak

32 urterekin

Jorge Lorenzok erretiroa hartu du

Agentziak | Erredakzioa

Mallorcako pilotuak munduko bi txapelketa irabazi ditu 250 zentimetro kubikoko kategorian, 2006 eta 2007. urteetan, eta beste hiru MotoGP mailan, 2010, 2012 eta 2015. urteetan.

  • Jorge Lorenzo pilotua

    Jorge Lorenzo pilotua. Argazkia: Efe.

Jorge Lorenzo Mallorcako pilotuak erretiratu egingo dela iragarri du, asteburu honetan Chesteko Ricardo Tormo zirkuituan Valentziako Sari Nagusia jokatu ostean.

Lorenzok prentsaurreko batean eman du erretiroaren berri, Carmelo Ezpeleta Dornako zuzendari nagusiarekin batera. Prentsa aretoa txiki geratu da kazetari, pilotu, senitarteko, taldekide guztiak hartzeko. Ia 300 pertsona batu dira.

"Beti esan dut pilotu baten ibilbidean lau egun garrantzitsu daudela: debitaren eguna, lehen garaipenarena, munduko txapelketa lehen aldiz irabazten duen eguna eta erretiroaren eguna. Eta niri egun hori iritsi zait. Hau izango da MotoGP mailan korrituko dudan azken lasterketa", esan du Lorenzok, hunkituta.

Pilotuak gogora ekarri du hiru urterekin hasi zela motoziklismoan, eta 20 urtez aritu dela lehiatzen.

Lorenzok barkamena eskatu dio bere taldearei eta Alberto Puigi, Hondarekin sinatzeko aukera emateagatik. "Ezinezkoa zait motibazioari eta denboraldi hasierako helburuei eustea", esan du.

"Uste dut erabaki onena hartu dudala. Ezin dugu puntuengatik bakarrik lehiatu, lehen bosten artean egoteagatik edo podiumera igotzeagatik, hori epe luzean posiblea dela pentsatu arren. Hemen irabazteko egon nahi nuen", gaineratu du Lorenzok.

Halaber, eskerrak eman dizkie ibilbidea osoan izan dituen talde guztiei (Derbi, Aprilia, Ducati, Yamaha eta Honda). "Eta amari, mundura ekarri ninduelako, eta aitari, kirol hau maitatzen erakutsi ninduelako. Eta nire jarraitzaile guztiei".