Itxi

Beste kirolak

Valaldoliden

Bidasoak ezin izan dio Bartzelonari irabazi, Asobal Kopako finalean (30-22)

Agentziak | Erredakzioa

Kataluniarrak gehiago izan diren arren, Jacobo Cuetararen taldeak partida ona egin du, joko-maila ederra erakutsiz.

1:11
Bidasoako jokalariak, txapeldunordearen sariarekin

Bartzelonak bederatzigarrenez irabazi du Asobal Kopa, Bidasoari aise irabazita. Gipuzkoarrek partida gogorra jokatu zuten Recoletas Valladoliden aurka finalerdietan, eta gaur Bartzelonari lehen 20 minutuetan bakarrik eutsi dio.

Lehen minutuetan, gipuzkoarrek aurrea hartu dute markagailuan, ausardiaz atera baitira Huerta del Rey kiroldegiko kantxara. Aurrean egun dagoen aurkaririk indartsuena izan dute, eta lehen minutu horiek jokoaren kontrola izateko aprobetxatu nahi izan dituzte. Azkue eta Rodrigo Salinasek euren talentua erakutsi eta taldearen erritmoa markatu dute.

Baina orduan Mem agertu da, eta kanpoko jaurtiketekin neurketa Bartzelonaren alde jarri du. Horrez gain, eta minutu horietan, kataluniarrek penalti batzuk alde izan dituzte eta 17. minutuan 8 eta 5 aurreratu dira.

Bartzelonak erritmoa bizitu du eta alde hori zazpi golera iritsi da (15-8), atsedenaldirako 6ra jaitsi den arren (16-10).

Hortik aurrera, Jacobo Cuetararen jokalariek ez dute aukerarik izan. Kataluniarrek partida hautsi dute Victor Ariñoren gidaritzapean, eta markagailuan 24 eta 15 jarri dira.

Finala erabakita zegoen, baina Bidasoak ez du amore eman eta azken minutuetan joko polita egin du, eta, bukaeran, zaleek txalo zaparrada batekin eskertu diete egindako ahalegina. Azkena, 30 eta 22, Bartzelona txapeldun.

Fitxa teknikoa

30- Bartzelona (16+14): Möller (Pérez de Vargas, ps), Víctor Tomás (2), Ariño (4), Mem (7), Cindric (4,1p), Palmarsson (-), Fábregas (2), Petrus (-), Aleix Gómez (5,2p), Andersson (-), Sorhaindo (2), Álex Pascual (1), NGuessan (2), Entrerríos (-), Dolenec (1).

22- Bidasoa Irun (10+12): Luan (Ledo, ps), Crowley (-), Odriozola (3,1p), Serrano (3), Renaud-David (3), Tesoriere (-), Da Silva (-), Rodrigo Salinas (3), Azkue (3), Esteban Salinas (2), De la Salud (2), Cavero (1), Zabala (1), Orbovic (1).

Partzialak, bost minuturo: 1-2, 4-4, 7-5, 9-6, 13-8, 16-10 (atsedenaldia); 17-12, 20-13, 23-15, 25-16, 28-18, 30-22 (amaiera).