Beste kirolak
Naturgas/BBK Trasantartika2011
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Antartika gurutzatzen saiatuko dira
Erredakzioa
Hego Polotik pasatuz burutu nahi dute abentura berria. Lurmutur Hiritik abiatuko da azaroaren 15ean, eta 70-80 egun iraungo du aurreikuspenen arabera.
-
Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi, Antartika zeharkatzea helburu. Argazkia: BAT
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza azken prestaketak egiten ari dira dagoeneko hego polorantz abiatu baino lehen. BAT Basque Team Desafioaren hiru euskal mendizaleek gogo onez ekingo diote NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 espedizioaren bigarren faseari. Erronka honek Groenlandia aldera eraman zituen udaberrian eta orain Antartika konkistatzera bultzatzen ditu. Azaroaren 11n, Bilbotik Lurmutur Hirira (Hegoafrika) abiatuko dira, gaur goizean Bilbon aurkeztu duten abentura osatzeko asmoz: Antartika zeharkatzea Hego Poloan barna.
BAT Basque Teameko taldearen abentura berri hau hego polora iritsi zen lehendabiziko espedizioaren mendeurrenarekin bat eginez antolatu da. Roald Amundsen norvegiarra buru zuen taldeak 1911ko abenduaren 14an jo zuen planetako hegoaldereneko muturra.
"Orain, praktikara eraman behar dugu Groenlandian ikasitako guztia. Orduko hura oraingo espediziorako prestaketa-proba balitz bezala planteatu zen, baina azkenean arrakasta handia izan zen, errepikatu nahian gabiltzan esperientzia aparta. Badakigu baldintzak askoz ere gogorragoak izango direla. Zeharkaldia luzeagoa izango da, eta baldintza gogorragoetan egin beharko dugu, zoru eta haize latzagoei aurre eginez eta eskaladaren faktorea gaineratuz, baina asko ikasi dugu kometak gobernatzeko teknikei buruz, nutrizioak eta aldez aurreko plangintzak duten garrantziari buruz eta elkarbizitzari buruz ere bai. Orain ikusiko dugu mendiaren antzeko ingurune berezi-berezi horretan aurrera egiteko gauza ote garen", azaldu dute hedabideen aurrean.
Zeharkaldiari eskaladaren bat edo beste egiteko gogoa gaineratu diote oraingoan. Horren haritik, aurreikusitako ibilbideak (azaroaren 15ean hasiko dute) Maud Erreginaren Lurraldea deritzon eremua zeharkatuko du, Antartikako haitzarterik ikusgarrienak tarteko direla. Hortik, planetako hegoaldereneko puntura (90 graduko latitudean) abiatu, eta ondoren, zeharkaldia hasi eta 70-80 egun geroago, Herkules Badiara iristea espero dute. Kostaldeko gune honetatik, 40 kilometroko zeharkaldi laburra egin eta Union Glarcieren Txileko Punta Arenaserako hegazkina hartuko dute, etxera itzuli baino lehen.
Lehenengo esploratzaileek hego poloaren konkistan erabili zuten mistizismotik urrun, gaur egun, kanpoko laguntzarik gabe eta nork bere kasa jardutea da izotzezko kontinentera antolatzen diren espedizioen erronka nagusia. Amundsen, Scotti eta Shackletoni lekukoa hartzeko erarik ohoragarriena. Benetako desafioa, izotz gaineko 3.500 kilometro egin behar direla gogoan hartuta.
Taldearen joan-etorriak, ahal den neurrian, haizearen indarraz baliatuta egingo dira (12, 6,8 eta 6 metroko hiru kometei esker), eta hiru leretan garraia dezaketen jan-edana besterik ez dute eramango (honek sekulako plangintza-ahalegina suposatzen du). Lera bakoitzak 170 kiloko pisua eramango du, zama guztia barne. Haizea ahulegia denean, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak arrastaka eraman beharko dituzte lerak, eta horrek zeharkaldiaren abiadura moteldu eta are ibilbidearen amaiera eragoz lezake.
Ibilbidea zehatz-mehatz aurreikusia ez duten arren (haizea dabilen ala ez ikusita, kometak erabili ala lerak arrastaka eraman beharko dituzte), mendizaleek zeharkaldia urtarrilaren 21a baino lehen amaitu nahi dute.
Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968), Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) osatzen duten talde trinkoarentzat, NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 BAT Basque Team-en babespean 2009 urteaz geroztik egingo duten elkarren arteko laugarren proiektua da. Makaluren mendebaldeko harroina eta Everesteko Hornbein korridorea alpetar estiloan igotzeko egin zituzten bi ekinaldiak bertan behera geratu ziren eguraldi kaskarraren eraginez, baina iaz, bide berri bat ireki zuten Broad Peak-en, bere hiru tontorrak alpetar estiloan lotuz. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren artean, hogeita hamar zortzimilako inguru egin dituzte guztira, bost kontinenteetan osatutako baldintza klimatiko eta zailtasun tekniko desberdinetako hainbat igoerarekin batera.