Itxi

Beste kirolak

Gailurrera bidean

Txikonek bertan behera utzi du igoera eta behe kanpalekura itzuli da

L.E.A | EITB MEDIA

Haize zakarraren ondorioz, taldeak buelta eman behar izan du, 4. kanpamentuko arrapala igotzen ari zirenean, 7.050 metro inguruko altueran.

  • Alex Txikon, Manasluko espedizioan

    Alex Txikon, Manasluko espedizioan. Argazkia: Phelipe Eizagirre.

Alex Txikon eta bere taldea Manasluko (8.163 metro)  behe kanpalekura jaitsi dira, gailurreraino iristen saiatu eta kolpe batean bi mila metro jaitsi ostean.

Txikon, Iñaki Alvarez, Chhepal Sherpa, Gelum Sherpa eta Namja Sherpa espedizio-kideek 6.600 metrora egin dute lo, eta, aurretik iragarri bezala, goizaldean gailurra bidean atera dira. 7.000 metro ingurua izan direnean, buelta ematea erabaki dute.

Erabakiaren arrazoia ez dute oraindik argitu baina, dirudienez, aurreikuspen meteorologikoek iragarritako eguraldi aldaketaren ondorioa izan daiteke; hain zuzen, eguraldia izan baitzen Simone Moro italiarrak behe kanpalekuan geratzeko hartutako erabakiaren arrazoia.

Txikonek berak ostegunean adierazi zuenez, egoera minututik minutura aztertuko zuen eta, azkenean, erabakia 2.000 metro jaistea izan da, 4.846 metrora.

"Azken kartutxoa erreko dugu"

Txikon eta berarekin dauden besta lau kideak behe kanpalekuan daude atseden hartzen. Eguraldiaren iragarpenak oso aldakorrak izaten ari dira; atzo gailurreraraino iristeko aukerak egongo zirela ematen bazuen ere, azkenean ez da horrela izan. Beraz, eta iragarpenaren arabera datozen 10 egunetan oso eguraldi txarra egingo badu ere, egunez egun aztertuko dute egoera.

Oro har, Txikonek sentsazio onak ditu eta pozik dago emandako aurrera pausoekin. "Pozik gaude egindako lanarekin, pena da Manaslun jarraitzeko aukera gero eta mugatuagoa izatea, baina azken kartutxoa erreko dugu" adierazi du altuerako errotazio horretan parte hartu duten lau kideekin batera behe kanpalekura iristean.