Itxi

Beste kirolak

PIRAGUISMOA

Virgina Diazek urrea lortu du Lucernako Munduko Kopan

EITB MEDIA

Basque Teameko bekadunaren lemazainik gabeko bikoak hegan egin du azken 500 metroetan.

  • Virginia Diaz eta Aina Cid

    Virginia Diaz eta Aina Cid. Argazkia: Basque Team

Sailkapenean gertatuko zenaren berri eman zuten. Ostiraleko atariko kanporaketan onenak izan ziren eta zuzenean pasa ziren A finalera. Virginia Diazek eta Aina Cidek Lucernan erakutsi dutenez, nazioarteko ontzirik sendoenetako bat osatzen dute, eta Tokioko Jokoetarako pisuzko hautagaiak dira.

Beste batzuetan bezala, finalean ere estrategia bera jarraitu dute. Irteera nahiko motela izan da, indarrak estropadaren azken zatirako utziz. Lehen 500 metroetan laugarren kokatu dira, eta Errumaniak, Txilek eta Irlandak hartu dute protagonismoa. 1.000 metrotik pasatzean, leku bat irabazi dute, hirugarren kokatuz, errumaniarren eta txiletarren atzetik.

Bazirudien Errumaniak, 2019tik euren aurkari handienetako batek, ez zuela erritmoa jaitsiko (konstante mantenduz 36 palada minutuko). Hala ere, Diazek eta Cidek ez dute etsi, eta azken 500 metroetan estropada irauli dute. 1.500 minututik aurrera, buru jarri dira eta hortik aurrera ez dute lehiakiderik izan, erritmoa minutuko 39 paladetara igo dute eta literalki hegan egin dute urrezko domina lortu arte, kronoa 7.17.93tan geldituta. Podiuma Irlandak (+4.24) eta Errumaniak (+4.30) osatu dute.

Gogoratu behar da Virginia Diazek eta Aina Cidek brontzea irabazi zutela apirilean Varesen jokatutako Europako Txapelketan, eta 2019ko Linz-Ottensheimeko Munduko Txapelketan Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortu zutela.