Itxi

Beste kirolak

Tokio 2020

Aginagaldek eta Gurbindok brontzea irabazi dute eskubaloian

EITB MEDIA

Espainia 33 eta 31 gailendu zaio Egiptori hirugarren eta laugarren posturako neurketan.

1:42
Julen Aginagalde eskubaloi jokalaria

Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok brontzezko domina irabazi dute, Espainiak Egiptoren aurka 33 eta 31 irabazita, Tokioko Jokoetako hirugarren eta laugarren postuetarako partidan.

Neurketa oso lehiatua izan da eta irabazlea azken minutuetan erabaki da, defentsako lanari eta Alex Dujshebaeven jokaldiei esker. Espainiako eskubaloiak lortu duen laugarren brontzea da, Atlanta 96ko, Sidney 2000ko eta Pekin 2008ko jokoetan lortutakoen ostean. Raul Entrerrios kapitainaren azken partida izan da. 

Hain zuzen, Raul Entrerriosen gol batekin amaitu da brontzezko domina lortzeko Espainiak eta Egiptok jokatu duten partida.

Lehen minutuetan, espainiarrak neurketa lehenbailehen erabakitzeko asmoarekin atera dira, lehen bost minutuetan lan guztiak eginda utzi nahi zituztela ematen zuen, eta ondorioz huts asko egin dituzte.

Baina Egiptoko taldeak ere bere hutsak egin ditu eta, Gonzalo Perez de Vargas atezainaren lanaren laguntzarekin, Espainia hiru goleko errentarekin joan da atsedenaldira (16-19).

Hala ere, bigarren zatian Egipto 21na jarri da, eta Aginagalderen eta Gurbindoren taldeak lanak izan ditu berriro Egiptori aurre egiteko.

Amaiera zirraragarria

Alex Dujshebaeven bi goli esker, azken minutuan 30 eta 32 izan dira aurretik espainiarrak. Baina Egiptok ez du amore eman eta Mandouhren golak 31 eta 32 jarri ditu.

Espainiak ondo eutsi dio presioari eta bere ibilbideko azken partida jokatu duen Raul Entrerriosen golak brontzea eman die (31-33).

Fitxa teknikoa

31 - Egipto: Eltayar; Sanad (1), Mamdouh (7), Elmasry (-), Yehia Elderra (2), Hesham (1) eta Seif Elderra (-) -haiserako taldea- Hendawy (ps), Yahia Omar (6), Wisam Nawar (-), Elwakil (2), Kaddah (4), Elahmar (7, 3p) eta Mesilhy (-)

33 - Espainia: Pérez de Vargas; Aleix Gómez (8), Gurbindo (-), Sarmiento (1), Raúl Entrerríos (4), Ángel Fernández (2) eta Aginagalde (2) -hasierako taldea- Corrales (ordezko atezaina), Maqueda (-), Alex Dujshebaev (5), Figueras (3), Antonio García (6), Gedeón Guardiola (-) eta Sánchez-Migallón (2)

Markagailua, bost minuturo: 2-2, 5-4, 7-7, 11-12, 14-16 eta 16-19 (atsedenaldia) 19-21, 22-23, 24-24, 27-27, 28-29 eta 31-33 (amaiera).