Itxi

Beste kirolak

Irailak 16–19

Getxoko Munduko Sokatira Txapelketak 16 selekzio nazional eta 580 kirolari bilduko ditu

EITB MEDIA

Basque Country selekzioak 8 mailatako tiraldietan parte hartuko du. Txapelketak jarraipen berezia izango du, egunero, EITBn, 09:30etik 12:30era eta 13:30etik 17:30era.

1:07
Getxoko Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa

Getxoko Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketak 16 selekziotako 580 kirolari bilduko ditu. Ostegun honetan egindako aurkezpenean baieztatu dutenez, txapelketa irailaren 16tik 19ra jokatuko da, Fadurako Kiroldegian. Txapelketak jarraipen berezia izango du, egunero, EITBn: 09:30etik 12:30era eta 13:30etik 17:30era.

Getxo izango da Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketaren egoitza, irailaren 16tik 19ra. Txapelketa 2020ko irailerako aurreikusita zegoen, baina COVID-19aren pandemiak atzeratzera behartu zuen.

Basque Country selekzioak 8 mailatako tiraldietan parte hartuko du. Bestalde, lau euskal klubek hartuko dute parte munduko txapelketan, 7 kategoriatan aritzeko 18 talde osatuz. Gainera, 15 selekzio gehiago izango dira bertan, herrialde hauetakoak: Belgika, Txina Taipei, Txekiar Errepublika, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Israel, Italia, Letonia, Herbehereak, Polonia, Errusia, Hegoafrika, Suitza eta Suedia.

Lehiaketak zenbait kategoria izango ditu, modalitate eta pisuen arabera. Horien artean, sexuaren araberako atalak eta mistoak ere badaude.

Munduko Txapelketak jarraipen berezia izango du egunero EITBn, 09:30etik 12:30era eta 13:30etik 17:30era.

Basque Country

TWIF (Tug of War International Federation) Munduko Sokatira Federazioak eskubide osoko kide gisa onartu zuen Euskal Herriko taldea 2014an, eta, beraz, nazioarteko lehiaketetan parte har dezake, Euskal Herria izenarekin.

Kirolari dagokionez, Euskal Herriko selekzioak arrakasta-maila handienak lortu nahi ditu, euskal selekzioek nazioartean edozein kirol-modalitatetan lehiatzeko duten gaitasuna eta nahia erakutsiz. 

Txapelketa honetan Euskal Herriko taldeak 8 mailatan arituko dira: emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan; gizonezkoen 560, 640, 680 eta 720 kiloko mailetan; 580 kiloko mistoan eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko mailan.

2021eko Getxoko Munduko Txapelketako egitaraua
 
Irailak 14, asteartea: Izen-ematea hoteletan

Irailak 15, asteazkena: Izen ematea eta pisaketa hoteletan

- 14:00 boten berrikuspena eta onespena Faduran eta bisita egoitzara

- 16:00 Briefinga Faduran

Irailak 16, osteguna
Goizeko saioa

- 680 kg, gizonak
- 580 kg, mistoa

Arratsaldeko saioa

- 560 kg, gizonak
- 500 kg, emakumeak

Irailak 17, ostirala

Goizeko saioa

- 720 kg, gizonak
- 600 kg, gizonak, 23 urtez azpikoak

Arratsaldeko saioa

- 640 kg, gizonak
- 540 kg, emakumeak

- 18:00 Hasiera ekitaldia

Irailak 18, larunbata: Munduko Txapelketa

Goizeko saioa

- 680 kg, gizonak
- 580 kg, mistoa (Munduko Jokoetarako txartela lortzeko baliagarria)

Arratsaldeko saioa

- 560 kg, gizonak
- 500 kg, emakumeak

Irailak 19, igandea: Munduko Txapelketa

- 720 kg, gizonak
- 600 kg, gizonak, 23 urtez azpikoak

Arratsaldeko saioa

- 640 kg, gizonak (Munduko Jokoetarako txartela lortzeko baliagarria)
- 540 kg, emakumeak (Munduko Jokoetarako txartela lortzeko baliagarria)