Beste kirolak
Urriaren 4tik 9ra
Abian da Europako Padel Txapelketa, Euskal Selekzioaren parte-hartzearekin
EITB MEDIA
Beste 13 selekziorekin batera lehiatuko da, urriaren 4tik 9ra Bizkaiko hainbat herritan jokatuko den txapelketan.
-
Euskal selekzioko kideak inaugurazio desfilean. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia
Astelehen honetan abiatu da Europako Padel Txapelketa, Bilboko Itsas Museoan egin den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan, 14 selekziok hartuko dute parte, tartean Euskal Selekzioak.
Txapelketa Bizkaiko hainbat herritan (Ortuella, Derio, Santurtzi, Barakaldo eta Bilbo) jokatuko da, urriaren 9ra arte. Egun horretan, Bizkaiko hiriburuko Bizkaia Frontoiak lehiaketako finalak hartuko ditu.
Zozketa bidez zehaztu dutenez, Euskal Selekzioaren gizonezkoen taldeak Danimarkari eta Kroaziari egingo die aurre lehenengo kanporaketetan. Emakumezkoenak, aldiz, Danimarkari eta Txekiari.
Txapelketak 300 padel-partida baino gehiago izango ditu guztira, eta gizonezkoen 14 selekzio eta emakumezkoen 9 arituko dira bertan. Era berean, Binakako Europako Txapelketa ere jokatuko da, gizonezkoen 60 bikoterekin eta emakumezkoen 36 bikoterekin.