Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bidasoa Irunek agur esan dio Europari, GOG taldearen aurka galduta (33-31)

EITB Media

Irungo taldeak porrota jaso du Danimarkan jokatu duen EHF-ren Europa Ligako final-zortzirenetako itzuliko partidan, eta joanekoa ere galdu egin zuenez (28-30), txapelketatik at geratu da.

0:53
GOG - Bidasoa Irun

Bidasoa Irunek galdu egin du GOG taldearen aurka (33-31) astearte honetan (apirilak 5) Danimarkan jokatu duen EHF-ren Europa Ligako final-zortzirenetako itzuliko partida eta txapelketatik at geratu da, joanekoan ere porrota jaso zuelako (28-30).

Neurketako lehen gola Bidasoa Irunek sartu du (0-1), baina binako berdinketaren (2-2) ostean etxeko taldea nagusi izan da, eta zuloa ireki du markagailuan. Lehen 15 minutuen ostean, lau goleko errenta eskuratu du GOGek (9-5). Abantaila handituz joan da minutuak aurrera joan ahala, eta Danimarkako taldea aldeko 20-12ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.

Bigarren zatian pixka bat hobeto jokatu du Bidasoa Irunek, eta desabantaila murriztea lortu du. Hala ere, kosta egin zaio aldeak murriztea, baina amaierarako zortzi minutu falta zirenean, bost golera gerturatu da (29-24) euskal taldea. Lau minutu beranduago, gehiago estutu du emaitza Bidasoa Irunek (30-28). Dena den, GOGek ondo kudeatu du azken txanpa, eta garaipenak ez dio ihes egin (33-31).

Fitxa teknikoa:

33.- GOG: Hallgrimsson, Pytlick (5), Tollbring (9, 3 penaltiz), Madsen (6, 4 penaltiz), Bergendahl (5), Zachariassen (4) eta Olsen (1) –hasierako taldea- Jorgensen (1), Kildelund (2) eta Laerke (-).

31.- Bidasoa Irun: Ledo (1), Ugarte (2), Zabala (1), Odriozola (10), Salinas (1), Rodriguez (3) eta Fernandez (4, 2 de pen.) –hasierako taldea- Furundarena (2), Aginagalde (3, 1 penaltiz), Mugica (1), Tesoriere (-), Da Silva (-), Nieto (1), Garcia (2) eta Sierra.

Emaitza bost minutuan behin: 3-2, 6-3, 9-5, 12-8, 15-10, 20-12 (Atsedenaldia) 22-15, 24-18, 26-20, 29-23, 30-27 eta 33-31 (Amaiera).

Epaileak: Panayides eta Andreou (Zipre). Bi minutuz kanporatu dituzte Zachariassen (2) eta Bergendahl GOG taldeko jokalariak, baita Tesoriere (2), Garci, Fernandez eta Furundarena Bidasoa Irungo jokalariak.