Itxi

Beste kirolak

IRAILAK 29 - URRIAK 9

Kayak surfeko Euskal Selekzioa Ingalaterrako Munduko Txapelketan izango da

EITB MEDIA

Irailaren 29tik urriaren 9ra bitartean jokatuko da, Ingalaterrako Bude herrian.

  • Kayak surfeko Euskal Selekzioko kideak

    Kayak surfeko Euskal Selekzioko kideak. Argazkia: EKFB

Kayak Surfeko Euskal Selekzioak Ingalaterrako Bude herrian (Cornualles konderria) jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko du ostegun honetan hasi eta urriaren 9ra bitartean, Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) ohar baten bidez jakinarazi duenez.

2019ko uztailean Perun egin zen azken Munduko Txapelketa jokatuta eta pandemia igarota, "ikusteke dago zer-nolakoak izango diren emaitzak", adierazi dute EKFBtik, baina baikor agertu dira, nahiz eta euren aburuz, "azken urteetako Munduko Txapelketarik gogorrena izango den, aurkari zailenen hondartzetan jokatzen baita".

Kayak Surfeko Euskal Selekzioa 1997tik lehiatzen da nazioartean, urtetik urtera gero eta kirolari gehiago baitira. Euskal Selekzioak irabazi zuen azken Munduko Txapelketa 2019an, Perun; 2017an ere lehen postua lortu zuen Ipar Irlandan, bai eta 2015ean Galizian, 2013an Australian, 2011ean AEBetan eta 2007an Mundakan ere, eta bigarrena izan zen 2009an Portugalen.

Banakako partaidetzari dagokionez, Peruko Munduko Txapelketan 12 domina irabazi zituzten Euskal Selekzioko kideek, eta lehen herrialdea izan zen domina irabazleen zerrendan.

Euskal Selekzioaren azken nazioarteko hitzordua iaz izan zen, Sopelan jokatutako Europako Txapelketan, eta bertan lortutako emaitzak ezin hobeak izan ziren.