Itxi

Beste kirolak

URTEA ONDO BUKATUZ

Jon Rahm, hirugarrenez garaile Dubain

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Barrikakoak DP World Tour Championship txapelketa irabazi du, 2017 eta 2019 urteetan egin bezala. Rahmek nagusitasunez eskuratu du garaipena -20ko txartelarekin. Adrian Otaegi 16. izan da.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm aurtengo Espainiako Irekian, artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Jon Rahmek irabazi du Dubaiko DP World Tour Championship txapelketa. Barrikakoak -20ko txartelarekin eskuratu du bere hirugarren garaipena Dubain, 2017 eta 2019an ere txapeldun izan baitzen. Adrian Otaegi 16. izan da.

Bizkaitarrak azken-aurreko jardunaldian hartu zuen lidertza 65 kolpeko itzuli bikaina eginda, baina Fitzpatrick ingelesarekiko kolpe bakarreko aldearekin hasi du azken eguna. Rahmek une gozoan dela erakutsi du hasieratik, eta hiru birdie lortu ditu lehenengo hiru zuloetan. Laugarrenean bogeya egin du, baina hori izan da Rahmek itzuli guztian izan duen hutsegite bakarra. Hortik aurrera, irmo eutsi dio lidertzari, eta beste hiru birdie lortu ditu 7, 13 eta 15. zuloetan.

Azkenean, 66 kolperekin bukatu du eguna, -20ko txartela aurkeztuta. 2 kolpeko abantaila atera die bigarren postuan berdinduta amaitu duten Tyrrelll Hatton ingelesari eta Alex Noren suediarrari. Rory McIlroyk bukatu du laugarren postuan; Ipar Irlandakoa da Europako Zirkuituko aurtengo txapelduna.

Europako Zirkuituko egutegiko azken txapelketa irabazita, Rahmek urteko bere hirugarren garaipena bildu du, Mexikon eta Espainiako Irekian nagusi izan ostean. Gauzak horrela, barrikarrari txapelketa bakarra geratzen zaio denboraldia bukatzeko; Rahm Bahamasetan jokatuko den Hero World Challenge torneoan lehiatuko da, abenduko lehen astean.

Dubaiko txapelketan parte hartu duen beste euskal ordezkaria Adrian Otaegi izan da. Gipuzkoarrak 16. postuan bukatu du, -6ko txartelarekin. Azken jardunaldian hiru postu galdu ditu sailkapenean.