Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bera Berak agur esan dio Europa Liga jokatzeko aukerari, Besançonen aurka itzuliko partida galduta

A. B. E. | EITB Media

Super Amara Bera Berak 24-27ko emaitzarekin galdu du etxean talde frantziarraren kontra Europa Ligara sailkatzeko atariko kanporaketako itzuliko neurketa. Joanekoan ere porrota jaso zuen Donostiako taldeak.

0:56
Bera Berako jokalariak

Super Amara Bera Berak agur esan dio Europa Liga jokatzeko ametsari, igande honetan (abenduak 11) Besançonen aurka 24 eta 27 galduta multzoen fasera sailkatzeko atariko kanporaketako itzuliko partida. Joanekoan ere galtzaile izan zen talde donostiarra (32-29).

Erritmo biziarekin ekin diote lehiari bi taldeek. Bera Beraren hasiera ona izan da, bi goleko errenta lortuta (2-0). Hirugarren minutuan epaileek Arcos kanporatu dute bi minutuz, eta Frantziako taldeak neurketa berdintzeko zein markagailuan aurrea hartzeko baliatu du jokalari bat gehiagoz egon izana. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi.

Gipuzkoako taldeak abantaila hartzeko aukera izan du epaileek Mariot bi minutuz egotzi ostean, baina ez da errenta lortzeko gai izan. Besançonek zuloa ireki du markagailuan lehen zatiaren azken txanpan (12-14 eta 13-15), baina Bera Berak ez du etsi, eta emaitza berdindu du (15-15) lehen zatiari amaiera bikaina emanda. Donostiarren 15. gola azken segundoan iritsi da.

Atsedenaldiaren ostean, estu mantendu da bi taldeen arteko borroka. Bera Bera ez da gai izan markagailuan zuloa irekitzeko aurkariak bi minutuz bat gutxiagorekin jokatu duenean; ondoren, ordea, bi goleko aldea lortu du (19-21) Maitane jokatu ezinda egon den bi minutuetan.

Maldan gora jarri zaio neurketa eta kanporaketa Super Amara Bera Berari. Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak dena eman du azkenera arte. 24. minutuan emaitza berdindu du (24-24), nahiz eta Besançonen erantzuna berehalakoa izan den (24-25).

Aurkaria sendo mantendu da, eta ez dio esperantzarako aukerarik eman Bera Berari. Amaieran, talde frantziarra izan da garaile (24-27), eta Super Amara Bera Bera Europa Ligarako txartela lortu gabe geratu da.

Fitxa teknikoa:

24.- Super Amara Bera Bera: Aalla (Alice Fernandes), Etxeberria, Arrojeria (6), Marianne Fernandes, Menéndez, Boada (5), Laura Hernández (2, 1 pen.), Loidi (1), Malena Cavo (1), Paula Arcos (7, 3 de pen.), Erauskin, Gavilán (2), Polonio eta Urretabizkaia.

27.- Besançon: Lerstad (Hauge), Zazai (5, 1 de pen.), Frecon (2), Mairot (7), Cuenot, Cusset, Aoustin (1), Tshimanga (2), Dezic, Robert (1), Granier, Faure (2), Nosek (3), Corovic (2), Dembelé (1)eta Bonnet (1).

Emaitza bost minutuan behin: 2-1; 5-6; 7-7; 10-10; 11-13; 15-16 - atsedenaldia- 18-18; 19-20; 20-22; 23-24; 24-25; 24-27.

Epaileak: Rauchs eta Linster (Herbehereak) Dembele egotzi dute taxrtel gorria aterata (47. min). Bi minutuz kanporatu dituzte, Paula Arcos, Etxeberria, Mairot, Tshimanga, Robert (2), Mairot, Cusset eta Corovic.