Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Djokovicek eta Tsitsipasek jokatuko dute Australiako Irekiaren finala

EITB MEDIA

Serbiarrak hamargarren aldiz irabaz lezake txapelketa, Melbournen jokatuko duen hamargarren finalean, eta greziarrarentzat, aldiz, Grand Slameko bigarren finala izango da.

  • Novak Djokovic, bere finalerdiko jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Novak Djokovic, bere finalerdiko jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Novak Djokovic serbiarrak eta Stefanos Tsitsipas greziarrak Tommy Paul estatubatuarra eta Karen Khachanov errusiarra garaitu dituzte, hurrenez hurren, Australiako Irekiaren finalerdietan, eta, ondorioz, txapelketako finalerako txartela lortu dute. Finala igandean jokatuko dute, eta, bertan, Djokovicek hamargarren aldiz irabaz lezake Australian, orain arte bederatzi final jokatuta; Tsitsipasentzat, aldiz, Grand Slameko bigarren finala izango da.

Testuinguru horretan, lehen finalerdian, Tsitsipas, hirugarren serie burua bera, Khachanov hamazortzigarren serie buruari gailendu zaio, hiru ordu eta 21 minututan: 7-6 (2), 6-4, 6-7 (6) eta 6-3.

Tsitsipasi zaildu egin zaio partida, partida irabazteko izan dituen lehen bi pilotak ez baliatuta; izan ere, hirugarren seta Khachanovek irabazi du, azkenean. Izan duen laugarren aukeran lortu du partida ixtea, eta, horrela, bigarren aldiz ibiliko da final nagusi batean.

Bigarren finalerdian, Djokovicek, laugarren serie burua bera, Paul gainditu du, argi: emaitza 7-5, 6-1 eta 6-2koa izan da, bi ordu eta 20 minuturen buruan. Hamargarren finala jokatuko du Australiako Irekian, eta hamargarren aldiz irabazteko aukera erdietsi du.

Serbiarrak, beste behin, erakutsi du ondo baino hobeto moldatzen dela Rod Laver Arenan. Melbournen, elkarren segidako 27 garaipen daramatza, eta Andre Agassi estatubatuarraren marka gainditu du, horrela.