Itxi

Beste kirolak

Krosa

Brea eta Mechaal, kroseko Espainiako txapeldunak

A. B. E. | EITB Media

Ortuellan zirkuituan Majida Maayouf izan da onena emakumezkoen mailan, baina Marokoko herritartasuna du; ondorioz, Brea da txapelduna bigarren amaitu badu ere. Gizonezkoetan Thierry Ndikumwenayo nagusitu da, baina titulua Adel Mechaalek bereganatu du.

0:27
Adel Mechaal

Joselyn Daniely Brea eta Adel Mechaal dira 2023ko kroseko Espainiako Txapeldunak. Ortuellan jokatu da Espainiako Txapelketa igande honetan, urtarrilaren 29an.

Emakumezkoen mailako lasterketan Majida Maayouf izan da irabazlea. Euskal Federazioaren elastikoarekin parte hartu duen arren, Maayoufek Marokoko herritartasuna du, eta, ondorioz, bigarren amaitu duen Brea da Espainiako txapelduna.

Maayouf hasieran jarri da tropelaren buruan, eta bigarren kilometroan aurrera egin du erritmoa bizituta. Inork ezin izan dio haren martxari jarraitu, eta lehena izan da helmuga gurutzatzen, 35 minutu eta 11 segundoko markarekin. Espainiako txapeldunaren titulua, ordea, atzetik sartu direnen artean erabaki da. Azkenean, Joselyn Daniely Brea izan da txapelduna 35 minutu eta 44 segundoko markarekin. Bigarren postua Cristina Ruizentzat izan da, Brearekiko 3 segundora. Podiuma osatu du Irene Sanchez-Escribanok, helmuga hirugarren postuan gurutzatuta, Ruizekiko 6 segundora.

Gizonezkoen mailako lasterketan Thierry Ndikumwenayo izan da onena (30'23"), baina emakumezkoen lasterketan gertatu bezala, Burundikoak ez du Espainiako herritartasuna oraindik, eta Espainiako Txapelketa Adel Mechaalek irabazi du, 30 minutu eta 29 segundoko markarekin.

Mechaalek Ndikumwenayo hartu du erreferentziatzat, eta ia azkenarino eutsi dio. Espainiako Txapelketako bigarren postua Sergio Paniaguarentzat izan da Mechaalekiko 25 segundora. Paniagua baino 4 segundo beranduago helmugaratu den Blanes izan da hirugarren.