Itxi

Beste kirolak

TRAIL RUNNINGA

Oihana Kortazarrek irabazi du Espainiako Trail Running Txapelketa; Ainara Urrutia, hirugarrena

EITB MEDIA

Kortazarrek 4:12:07an gelditu du denbora, Urrutiak, aldiz, 4:22:35eko markarekin itxi du podiuma. Garazi Sampedrok helmuga zazpigarren postuan zeharkatu ondoren, Durangoko Kirol Taldeak irabazi du taldekako urrea.

  • Ikram Rharsalla, Oihana Kortazar eta Ainara Urrutia

    Ikram Rharsalla, Oihana Kortazar eta Ainara Urrutia. Argazkia: @atletismoRFEA

Oihana Kortazar eta Ainara Urrutia Espainiako Trail Running Txapelketako podiumera igo dira igande honetan. Kortazarrek 4:12:07ko denbora egin zuen, Urrutiak hirugarren postua lortu zuen 4:22:35eko markarekin. Garazi Sampedro zazpigarren postuan helmugaratuta, Durangoko Kirol Taldeak taldekako urrezko domina eskuratu zuen emakumezkoen lasterketan.

39,4 kilometro eta 2380 metroko desnibel positiboa zituen lasterketa Cadizko Zahara de la Sierra herritik abiatzen zen. Trail Runningeko Espainiako txapelduna izendatzeaz gain, Innsbrucken (Austria) ekainaren 7tik 10era jokatuko den Munduko Trail Running Txapelketako aurre-hautaketarako txartela ematen zien.

Oihana Kortazar, geldiezin, lasterketa hasieratik nabarmendu zen. Júlia Fontek bakarrik egin zion aurre hasieran, baina tituluaren defendatzailea erretiratu egin behar izan zen. Ikram Rharsalla, bigarren sailkatua, elgetarrarengandik minutu batera hurbiltzea lortu zuen, baina azken igoeran, 700 metroko desnibel positiboarekin, Kortazarrek aldea handitu zuen.

4:12:07ko denborarekin, Oihana Kortazar sailkapeneko lehen postuan helmugaratu zen. Bigarren postua Ikram Rharsallarentzat izan zen 4:14:49ko denborarekin eta podiuma Ainara Urrutiak itxi zuen 4:22:35eko markarekin. Euskal Herriko Traila ez zen lehen eta hirugarren postuekin konformatuko, Garazi Sampedrok zazpigarren postua lortu baitzuen Durangoko Kirol Taldeari taldekako urrezko domina ziurtatuz.

Gizonezkoen lasterketako podiumeko lehen postua Dimas Pereirarentzako izan zen, 3:36:54ko denborarekin. Asturiarrak ezustekoa eman zuen Zaid Ait Malek internazionala gaindituz zeinak bigarren postua lortu zuen 3:37:56ko denborarekin. Brontzea Jan Margaritek lortu zuen 3:39:50eko markarekin.