Itxi

Beste kirolak

Belar hockeya

Reala, belar hockeyko Kopatik at finalerdietan Club de Camporen aurka porrota jasota

A. B. E. | EITB Media

Txuri-urdinek 1-2ko emaitzarekin galdu dute Madrilgo taldearen aurka jokatutako Kopako finalerdietako neurketa eta kanporatuta geratu dira.

  • Reala - Club de Campo

    Reala - Club de Campo partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: @rfe_hockey

Reala belar hockeyko Erreginaren Kopatik kanporatuta geratu da larunbat honetan, martxoaren 25ean, Madrilen Club de Camporen aurka jokatutako finalerdian porrota jasota 1-2ko emaitzarekin.

Lehen laurdena golik gabe amaitu da (0-0). Bigarren laurdenean, ordea, gola sartu du Club de Campok; 14. minutuan Amparo Gil izan da golegilea (1-0). Ondorioz, Madrilgo taldea gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan sufritzea egokitu zaio Realari. Talde txuri-urdinak ondo eutsi die aurkariaren erasoko jokaldiei, eta, hirugarren laurdeneko zazpigarrn minutuan emaitza berdindu du; penalti-kornerra baliatuta Lucia Casadok jarri du banakoa (1-1) markagailuan. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi.

Beraz, azken laurdenean erabaki da finalerdia. Nagusi izan da Reala laugarren laurdeneko lehen zazpi minutuetan, baina ez du gola sartzeko abagune argirik izan. Club de Campo ezinean ibili da, baina laurdeneko zazpigarren minutuan, norgehiagokako bere momentu txarrenean, Begoña Garciak gola sartu (1-2) eta aurretik jarri du Madrilgo taldea.

Aurkariaren bigarren golak min egin die txuri-urdinei. Ezinean ibili da Donostiako taldea, eta azken lau minutuak atezainik gabe jokatzea erabaki du, itsu-itsuan berdinketaren bila joateko. Amaierarko minutu eta hamar segundo falta zirenean aldeko penalti-kornerra izan du Realak, baina aukera alferrik galdu du talde txuri-urdinak. Hala, bada, amaieran porrota jaso du Realak (1-2) eta agur esan dio Erreginaren Kopari.