Itxi

Beste kirolak

Volvo Ocean Race

Martinezen eta Fernandezen 'Telefonica' ontziak laugarren amaitu du

Erredakzioa

Groupama belaontziak 2011-2012ko Volvo Ocean Race lasterketa, munduari bira, irabazi du, azken etapa bigarren bukatu eta gero.

  • 'Groupama' Frantziako belaontzia. Argazkia: EFE

    'Groupama' Frantziako belaontzia. Argazkia: EFE

Groupama belaontziak 2011-2012ko Volvo Ocean Race lasterketa, munduari bira, irabazi du, bederatzigarren eta azken etapa bigarren bukatu eta gero. Azken etapa Galwayn (Irlanda) amaitu da. Iker Martinezen eta Xabi Fernandezen Telefonica ontziak podiuma zapaltzeko zituen itxaropenak zapuztu ditu Frantziako belaontziak.

Frantziako ontzia lasterketako erregularrena izan da eta ez du akatsik eta zorte txarrik izan. Arerioek, ostera, horien artean Iker Martinezen ontziak, zorte txarra izan dute. Telefonica-k lemetan matxurak izan arte lasterketa mendean izan du.

Garaipena bermatzeko laugarren izatearekin nahikoa zuen Franck Cammasen belaontziak, baina bigarren amaitu du azken etapa, eta 25 puntu bildu ditu. Horrela, guztira 250 puntu pilatu ditu Groupama-k.

Kostaldeko estropadetan egindako lan onak garaipena lortzeko balio izan zaio. Hiru garaipen (Itajai, Lisboa eta Lorient) eta bi bigarren postu (Lurmutur Hiria eta Sanya) lortu ditu Frantziako ontziak. Bien bitartean, etapa luzeetan erregularrena izan da: hirugarren, laugarren, bigarren, lehenengo, bi hirugarren jarraian, bigarren, lehenengo eta bigarren sailkatu da.

Horrela, Franck Cammas munduari bira irabazten duen bigarren frantziarra da; izan ere, Lionel Peanek 1985-86n irabazi zuen, L'Esprit d'Equipe ontziarekin.

Sailkapen nagusia:

1. 'Groupama sailing team' 250 puntu.

2. 'CAMPER con Emirates Team New Zealand' 226.

3. 'PUMA Ocean Racing powered by BERG' 220.

4. 'TEAM TELEFONICA' 209.

5. 'Abu Dhabi Ocean Racing' 129.

6. 'Team Sanya' 50.