Itxi

Beste kirolak

Europako Jokoak

Teresa Fernandez-Mirandak seigarren bukatu du BMX freestyleko finalean

EITB Media

Unai Mendikotek eta Ion Galarzak gaur hasi dira 3x3 saskibaloian parte hartzen, porrot bat eta garaipen bat lortuz.

  • Teresa Fernandez-Miranda

    Teresa Fernandez-Miranda. Argazkia: EFE

Teresa Fernandez-Mirandak seigarren amaitu du BMX freestyle txapelketako finala Krakovian (Polonia) jokatzen ari diren Europako Jokoetan. Asteazkenean, park modalitatean finalerako txartela eskuratu ondoren, sailkatze txandan zazpigarren postuan bukatuta, gaur, finalean, postu bat gora egin du.

Jaiotzez donostiarra den kirolariak pozik bukatu du gaur egindako lanarekin, bere trikimailu eta piruetetarako puntuazio hobea lortu baitu. 52.00ko puntuazioa eman diote epaileek lehen itzulian, eta 64.00koa, bigarrenean. Gaur ez da bi puntuazioen arteko batez bestekoa egin, onena hartu baita erreferentziatzat, eta bigarren txandako nota horrek seigarren postua eman dio Teresari.

Urrea Iveta Miculycova txekiarrak eskuratu du (82.33), zilarra Kim Lea Mueller alemaniarrak (79.66) eta brontzea Laury Perez frantziarrak (77.00).

Bestalde, Ion Galarza eta Unai Mendikote gaur hasi dira 3x3ko saskibaloian  lehiatzen. Polonian ez da plaza zuzenik banatzen, baina bai puntu kopuru interesgarria olinpiar jokoetarako rankingari begira.

Txapelketaren lehen zatia multzoen faseak osatzen du. Galarza eta Mendikoteren taldeak Lituaniaren eta Esloveniaren aurka jokatu dute gaur.

Espainiak 21-12 galdu du Letonia txapeldun olinpikoaren aurka. Bigarren partidan, berriz, Galarzak eta Mendikotek Eslovenia gainditu dute, 17-21eko emaitzarekin.