Itxi

Beste kirolak

Alpinismoa

Iker eta Eneko Pou bosgarren aldiz izendatu dituzte Urrezko Pioleta sarirako

EITB MEDIA

Gasteiztarrekin batera, Aritza Monasterio eta Tasio Martin euskal alpinistak ere 53 hautagaien zerrendan ageri dira. Monasterio Andeetan zabaldutako bideagatik, eta Martin, Indian zabaldutakoagatik.

  • Iker eta Eneko Pou

    Iker eta Eneko Pou. Irudia: EITB Media

Iker eta Eneko Pou anaiak bosgarren aldiz sartu dituzte Urrezko Pioleta mendiko sarietako hautagaien zerrendan. 53 hautatuen artean, Aritza Monasterio eta Tasio Martin euskal alpinistak ere daude.

Pou anaiak iaz Andeetan zabaldutako One Push bideagatik izendatu dituzte. Igoera alpino eta non-stop eran egin zuten, 12 ordutan, etenik gabe. Ondoren, jaitsiera oso zail bati aurre egin zioten, guztira 26 orduko lana betez.  

Saria irabazteko hautagaien zerrendan izatea euren ibilbide luzean egindako lanaren aintzateste modura hartu dute Pou anaiek, eta epaimahaiari esker ona agertu diote.

Tasio Martín eta Aritza Monasterio

Tasio Martin, berriz, Txoria Txori izeneko bidea zabaltzeagatik sartu dute zerrendan. Indian zabaldu du bidea, Marc Moralleseki batera. Monasteriori dagokionez, Fango Fiesta izeneko bidea zabaldu du, Andeetan, Andrej Jež eta Anja Petek esloveniarrekin batera.

Sarituen izenak azaroaren 14tik 16ra iragarriko dituzte, Brianconen, Frantzian,egingo duten ekitaldian.