Beste kirolak
ATLETISMO
Kelvin Kiptum hil da, maratoiko munduko errekorduna
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kenyako atleta gaztea (24 urte) auto-istripu batean hil da bart. Berarekin batera autoan zihoazen beste pertsona ere zendu dira: bere entrenatzailea eta haiekin batera zegoen emakumezko bat ere.
-
Kelvin Kiptum. Argazkia: EFE
Kelvin Kiptum kenyarra, maratoiko munduko markarik onenaren jabea, igande honetan hil da, bere entrenatzaile Gervais Hakizimana ruandarrarekin eta haiekin batera bidaiatzen ari zen emakumezko batekin batera, Eldoret eta Kaptagat (Kenya) lotzen dituen errepidean izandako auto-istripu batean, Kenyako hainbat komunikabidek jakitera eman dutenez.
Bere kirol ibilbide laburrean, Kiptumek (24 urte) hiru maratoi baino ez zituen korritu, horietako bakoitzean garaipena lortuta, gainera. Valentzian egin zuen debuta, 2022ko abenduan, eta lasterketa horretan lehen aldiz parte hartzen zuen korrikalari batek inoiz egindako markarik azkarrena ezarri zuen (2:01:53). Ondoren, 2023an, Londresen irabazi zuen lehendabizi 2:01:25 denbora eginda. Horren ostean, urriaren 8an, distantzia horretako munduko errekorra hautsi zuen 2:00:35 denborarekin.
Hala, bi ordu eta minutu bateko markatik behera egiten zuen historiako lehen atleta bihurtu zen, eta, horrela, Eliud Kipchoge herrikideak ordura arte zeukan munduko errekorra bereganatu zuen.
Marka hori World Athletics erakundeak ontzat jo zuen otsailaren 6an, hau da, Kiptumen heriotza baino baino bost egun lehenago.