Beste kirolak
Atletismoa
Asier Martinez deskalifikatu egin dute, hesidun 60 metroko finalerdian
Agentziak | EITB MEDIA
Nafarrak irteera baliogabea egin du, epaileen ustez, eta protestapean lehiatu da, eta baita bere finalerdia irabazi ere. Hala ere, egindako marka ez dute aintzat hartu, deskalifikazioaren ondorioz.
-
Asier Martinez. Argazkia: Efe.
Asier Martinez deskalifikatu egin dute Glasgown (Eskozia) egiten ari diren estalpeko atletismoko munduko txapelketako 60 metroko hesidun probaren finalerdietan. Epaileek berretsi egin dute erabakia, Espainiako taldeak errekurtsoa aurkeztu ostean.
Epaileen arabera, nafarrak irteera baliogabea egin du. Martinez ez da erabakiarekin ados egon, eta finalerdia protestapean korritzea erabaki du. Lasterketa bikaina egin du, eta garaipena lortu du, baina marka ez dute aintzat hartu deskalifikazioaren ondorioz.
Espainiako taldeak erreklamazioa aurkeztu du, irteera baliogabea beste atleta batena izan dela argudiatuta; Milan Trajkovic zipretarrarena, hain zuzen. Bideoa ikusten eta gertatutakoa aztertzen ordubete eman ostean, epaileek hasieran hartutako erabakia berretsi dute.
Haien arabera, beste kaleetako mugimenduak ez dira nahikoa arrazoi izan Asierrek arreta galtzeko, eta erreakzio denboran bakarrik oinarritu dute euren erabakia (0.093), Espainiako Atletismo Federaziotik aditzera emandakoaren arabera.