Itxi

Beste kirolak

Naturgas BBK Nuptse 2012

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Sherpen hiriburura iritsi dira

Erredakzioa

3.400 metroko garaieran daude jada eta astelehenean helduko dira 4.700 metrora dagoen Chukung herrixkara, berta n oinarrizko kanpalekura ezartzeko asmoz.

  • Argazkia: BAT Basque Team

Espero bezala oinarrizko kanpalekura gerturatzen ari da NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioa eta atzo Namche Bazaar herrixkara heldu ziren. 1.700 biztanle dituela Nepalgo eskualde honetako handiena da eta sherpen hiriburutzat jotzen dute bertakoek. 3.400 metroko garaieran kokatzen da eta Chukungeko noranzkoan bide erdian. Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak oinarrizko kanpalekua bertan ezartzeko asmoa daukate.

Barajasetik astelehenez abiatu ondoren asteartean heldu ziren Katmandura hiru alpinistak eta ostegunean Luklarako hegazkina hartu zuten . Zorionekoak izan ziren Hilamayarako bidean egingo duten azken geldialdian, izan ere, bertako aireportu txikiak ateak itxi behar izan zituen behelainoaren eraginez, espediziokideak atera eta berehala.

Nuptsera hurbiltzeko lanen bide erdian aurkitzen dira orain euskal mendizaleak eta beraiekin izandako azken hartuemanean 4.700 metrora dagoen Chukung herrira hurrengo astelehean iristea espero dutela adierazi dute. Komunikazio lanetan aritzen den Juan Vallejok honako lerro hauek utzi dizkigu gaur bertan “oso interesgarritzat” jotzen duen sherpen hiriburutik: “Inguruko herrixkarik handienera heldu gara, Namche Bazaarera. Atzo 2.800 metrora egin genuen lo, Monjo izeneko beste herri batean. Namche bi ordu eskasera dago baina geldialdia hau nahi eta nahi ezkoa dugu eta gainera altuera somatzen ari garenez motelago joan behar dugu. Bihar (gaurkoz) Tiangbochera iristea espero dugu, igandean Dingbochera eta 24an espero dugu Chukungera iristea, 4.700 metrora bertan oinarrizko kanpalekua ezartzeko. Momentuz eguraldia ez da batere ona baina euririk ez dugu. Gutxigatik heldu gara Luklara, lurreratu eta segituan sartu baita behelainoa eta hegaldiak ere eten egin dituzte. Okerrena da bakarrik heldu ginela, beste hegaldi batean iristekoa zen kargarik gabe eta ez dakigun noiz berreskuratuko dugun Aurreko egunetan ere lurreratze gutxi egon denez lasaitasun handia dago eta turista gutxi bidean”.

NATURGAS BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZIOAk Everesteko hego-mendebaldetik hiru kilometro eskasera dagoen mendi bat jarri du helburu moduan. Nuptse, hegoaldetik, bost kilometroko zabalera duen horma da, oso bestelako bost tontor dituena, guztiak 7.700 metrotik gorakoak. Tontor nagusia 6 aldiz igo da soilik, eta behin baino ez hegoaldeko hegaletik, euskal espedizioak helburutzat jarri duen bidetik. Jatorrizko zailtasunez gain Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak alpetar estiloak dakartzan mugak gehituko diote erronkari ( oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe), orain arte espedizio frantsez batek egin du saiakera hori soilik, eta arrakastarik gabe.

Behin oinarrizko kanpalekura helduta zenbait igoera azkar burutu nahi dituzte egokitzera bidean, inguruan dauden tontorretara alegia. Prestakuntza amaitu ondoren urriaren erdialdean espero dute baldintza onetan egotea Nuptseko igoerari ekiteko.