Motorra
Mitoaren agurra
'Kaiser'ak denboraldi amaieran Bat Formula utziko duela iragarri du
Erredakzioa
"Agur esateko unea heldu" dela adierazi du Alemaniako txapeldun handiak. Lewis Hamiltonen fitxaketak Michael Schumacherren erabakia azkartu du.
-
Michael Schumacher Alemaniako gidaria. EFE
Denboraldi amaieran Bat Formula utziko duela iragarri du gaur Michael Schumacher Alemaniako gidariak. Duela hiru urte lehiaketara itzuli zen, baina "agur esateko unea heldu" dela uste du Schumacherrek.
2006an erretiroa hartu zuenean "bateria hutsik" zuela aitortu du Schumacherrek, baina orain "marra gorria zeharkatu" duela erantsi du. "Ez ditugu gure helburuak lortu, baina nire lorpenekin pozik egon naiteke, eta ez dut inorekiko gaitzondorik gauza asko lortu ditugulako", adierazi du Alemaniako gidariak.
Kaiser-ak munduko txapelketa zazpi aldiz irabazi du, eta Japoniako Sari Nagusian erabakia jakinaraztea erabaki du. Bat Formula 2006an laga zuen, baina 2009an Mercedes taldearekin itzultzea erabaki zuen. Hala ere, antzina egin bezala distirarik ez du lortu azkenaldian eta desengainuak pozak baino gehiago izan dira.
Gainera, Lewis Hamilton Ingalaterrako gidariak datozen hiru urteetan bere lekua hartu behar zuela iragarri zuen McClaren taldeak iragan astean. Ondorioz, Schumacher Mercedes taldean jarraitzea zaildu zuen Hamiltonen fitxaketak.
"Motibazioa galdu dut"
"Agur esateko unea heldu da. Zalantza barik, beharrezkoak diren motibazioa eta energia galdu ditut", esan du Schumacherrek Alemaniako kazetarien aurrean, Suzuka zirkuituan (Japonia).
Bat Formulako historian munduko txapelketa gehien irabazi dituen gidaria da. Alemaniako pilotuak zurrumurruekin amaitu eta Bat Formula behin betiko utziko duela iragarri du.
43 urteko gidariak 91 garaipen lortu ditu Bat Formulan, bere kirol ibilbidean.