Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak 2024

Pekin 2008

Helburua: Pekineko hiru dominak gainditzea

Erredakzioa

Euskal kirolariek zilarrezko domina bat eta brontzezko bi lortu zituzten Pekineko Olinpiar Jokoetan.

  • Iker Martinez eta Xabier Fernandez, Pekineko zilarra ospatzen. Argazkia: www.ikermartinez.com.

    Iker Martinez eta Xabier Fernandez, Pekineko zilarra ospatzen. Argazkia: www.ikermartinez.com.

Urrea ametsa da edozein kirolari olinpikorentzat, bizi osoko lanari saria. Azken Olinpiar Jokoetan, euskal kirolarien artean, batek ere ez zuen hainbesteko arrakasta lortu, baina Euskal Herrira hiru domina ekarri zituzten: zilarrezko bat eta brontzezko bi.

Belan, Iker Martinez eta Xabier Fernandez urretik oso hurbil ibili ziren. Epaileen erabaki polemiko batek lehenengo postutik aldendu zituen. Azken estropadan, euskaldunak oso ondo aritu ziren uretan, baina daniarrek irabazi zuten. Horiek, baina, ontzia apurtuta zeukaten eta kroaziarrena erabili zuten. Hura debekatuta dagoen arren, epaileek ez zuten emaitza baliogabetu eta euskaldunak zilarrarekin konfirmatu ziren.

Pistako txirrindularitzan, Leire Olaberriak brontzezko domina irabazi zuen, jazarpen proban. Azken momentuan, gipuzkoarrak hortzak estutu eta hiru puntu lortu zituen. Horiei esker, laugarrenarekin berdindu zuen. Olaberriak sprint gehiago irabazi zuenez, ustekabeko saria eraman zuen etxera.

Espainiako eskubaloi selekzioak, Ion Belaustegui eta Iker Romero euskaldunekin, finalerdiak galdu zituen, Islandiaren aurka. Hirugarren postua erabakitzeko partidan, aldiz, selekzioa indarberritu zen, Kroazia faboritoa gailenduta eta brontzezko domina irabazita.

Aurten, hamazazpi kirolari baieztatu dituzte Olinpiar Jokoetara joateko. Uztailaren 27tik aurrera, orain dela lau urte egindakoa hobetzean jarriko dituzte indar guztiak.