Parisko Olinpiar Jokoak 2024
Segurtasuna
Olinpiar Jokoek soldaduz eta misilez beteko dute Londres
Erredakzioa
Erresuma Batuko armadak aurreikusi baino 3.500 soldadu gehiago erabiliko ditu. Bere etxean misil-plataforma bat jartzea salatuko du herritar talde batek Parlamentuan.
Gobernuak 17.000ra igo du Olinpiar Jokoen segurtasunaz arduratuko diren soldaduen kopurua; hasieran proposatutakoak baino 3.500 gehiago dira horiek. Segurtasun enpresa arduradunak hasiera batean adostutako 10.000 polizia-agenteak ez ematearen beldur da Defentsa Ministerioa eta, horregatik, soldadu gehiago mobilizatuko ditu.
Olinpiar Jokoetarako antolatutako segurtasun plan zorrotzean zenbait neurri eta baliabide bildu dituzte: Tamesis ibaian ibiliko den hegazkin-ontzi militarra, edozein unetan aireratzeko prest egongo diren ehiza-hegazkinak eta Londresen kokatuko dituzten sei misil-plataforma.
Herritar talde bat kexatu egin da Parlamentuan, plataforma horietako bat bere etxeko teilatuan jarri nahi dutela eta. Charles Haddon-Casek, auziaren ardura duen epaileak, ez du salaketa aintzat hartu, eta Defentsa Ministerioari eman dio arrazoia. Gobernuak defentsa sistema "legitimoa eta proportzionala" dela uste du. Herritar talde hori, aldiz, eraso baten jomuga izatearen beldur da.