Parisko Olinpiar Jokoak 2024
Martxa
Kirdyapkin, urrea eta errekor olinpikoa; Odriozola, 42.a
Erredakzioa
Mikel Odriozola gipuzkoarra 42.a izan da 50 kilometroko martxa-proban. Kirdyapkin errusiarrak errekor olinpiko berria egin du.
Sergey Kirdyapkinek urrezko domina irabazi du Londresko Olinpiar Jokoetako 50 kilometroko martxa-proban, errekor olinpikoa hautsita (3:35:59). Mikel Odriozola gipuzkoarra 42.a izan da, denboraldiko bere markarik onena eginda (4:02:48).
Txapeldun olinpiko berria eta Sergey Bakulin errusiarra lasterketa buruan egon dira hasieratik, Erick Barrondo eta Jaime Quiyuch guatemalarrak, Andres Chocho ekuadortarra, Yohann Diniz frantziarra eta hiru australiarrekin batera. Mikel Odrizola gertu egon da hasierako kilometroetan, atzetik joan den talde batean.
Alex Schwazer italiarra ez da lasterketan egon, Olinpiar Jokoetatik bota zutelako astelehenean, dopinagatik. Kirdyapkinek eraso erabakigarria jo du 40. kilometroan, eta lehenengoa izan da Buckinham Palaceko helmugan. Pared Tallent australiarrak zilarrezko domina irabazi du, eta Tianfenf Si txinatarrak, brontzezkoa. Odriozola, denboraldiko bere markarik onena egin arren, sendo hasi da, baina atzean geratzen joan da kilometroek aurrera egin ahala.