Itxi

kirolak

Kirolak

Estropadak Oriotik, Tourra eta Zarauzko pilota jaialdia, gaur

A.A.

EiTB

Zuzeneko hiru emanaldi ETB1en eta eitb.eus-en.

Estropadak, txirrindularitzak eta pilotak osatuko dute gaurko kirol eskaintza Euskal Telebistan. Hiru emanaldiak ETB1en eta eitb.eus webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira zuzenean.

12:00etan hasiko da estropada emankizuna. Eusko Tren ligako 4. jardunaldia eta San Miguel ligako zazpigarrena jokatuko dira Orion. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak egingo dute Orioko Kanpina banderaren kontakizuna.

14:40ean. 'Gaur Egun' albistegia amaitutakoan, Frantziako Tourrarekin egingo dute bat. Trantsizio etapa luzea izango da hamabosgarrena, atseden eguna baino lehen, Nimesera bidean. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak emango dute bertako berri.

Jarraian hasiko da 'ETB Kantxa' saioa, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekutik, Xabier Euzkitzek eta Joxan Tolosak gidatuta. Hiru partida jokatuko dira bertan: Aritz Lasa-Urruzola / Jaka-Tolosa, Titin III-Cecilio / Altuna III-Rezusta eta Apezetxea-Larrinaga / Gorka-Pascual.

Ohi denez, ETBKn erremonteari eta zesta puntari egingo diote tartea iluntze partean. Hilaren 12an Uharten jokatutako Zeberio II-Agirrezabala / Juaristi-Olazar erremonte partida, eta egunean bertan Markinan jokatutako zesta puntako binakako txapelketako finalaurrekoa eskainiko dira 20:15ean hasita. Lehendabizikoan, Iñigo Aiestaran eta Manuel Arrizabalaga Matxin izango dira esatariak, eta bigarrenean, Juanan Legorburu eta Jabier Arkarazo.