Motorra
Hileta-elizkizuna Corianon
Lagunek eta familiartekoek Marco Simoncelli agurtu dute
ERREDAKZIOA
Marco Simoncelliren jarraitzaile asko ere bertaratu dira Corianoko elizara, gidaria agurtzeko.
-
Lagunak eta familiartekoak Marco Simoncelliren hileta-elizkizunean. Argazkia: EFE.
Motoziklismoaren izen ezagun askok azken agurra eman diote gidari italiarrari. Besteak beste, Valentino Rossi eta Loris Capirossi italiarrak, Randy De Puniet frantsesa, eta Jorge Lorenzo eta Sete Gibernau egon dira Corianon.
Zerraldoa motorrerako arropa jantzita zuten gazte batzuek eraman dute. ‘58’a, gidaria zenaren zenbakia, kartel eta globoetan ikusi ahal izan da, kanpoaldean. Bestalde, Misano Adriatikoko zirkuituan milaka pertsona batu dira, hileta-elizkizuna pantaila handi batzuetan jarraitzeko.
Asteazkenean, jende andana joan zen Corianoko antzokiko hil-kaperara, gidariari azken agurra ematera. Antzokiaren barruan, zerraldoaren alboan, bi motor egon dira: 2008. urtean 250 zentimetro kubikoko motorren txapelketa irabazteko erabili zuen Gilera eta aurten MotoGPn erabili duen Honda. Simoncelliren argazki handi bat proiektatu da hil-kaperan; barrezka agertzen zen irudi horretan, denek oroitu nahi duten bezala.