Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

1. jardunaldia

Olaizola II.ak eta Zabalak Errioxako bikotea mendean hartu dute

Erredakzioa

EITB

Nagusitasunez irabazi diete Titin III.ari eta Merino II.ari Aimar Olaizolak eta Ibai Zabalak, Astelenan jokatu den Binakako Txapelketako Eguberriko partidan.

1:28

Olaizola II.ak eta Zabalak aise irabazi diote Titin III.ari eta Merino II.ari Binakako Txapelketako lehenengo jardunaldiaren azken partida (22-14), Eibarko Astelena pilotalekuan. Faboritoek nagusitasuna erakutsi dute, eta ia norgehiagoka osoan zehar errioxarren aurretik joan dira.

Aimar Olaizola aurrelariak erraztasunez kontrolatu du jokoa. Goizuetako pilotaria indartsu aritu da partida osoan. Ibai Zabalak bikotekidearen segurtasuna izan du alboan, eta horri esker lasai aritu da atzealdean.

Titin III.ak eta Merino II.ak ez dute jaialdia ondo hasi, eta gorriak 5-1 jarri dira hasieran. Errioxarrek, aldiz, 5 tantu jarraian egitea lortu dute, eta hori izan da aurretik izan diren partidako momentu bakarra (5-6). Hasieran baino parekatuagoa joan da norgehiagoka, baina Olaizola II-Zabala bikoteak berdinketa lortu ostean (7-7), aurretik ibili dira beti.

Errioxarrek Binakako Txapela defendatu arren, gorriak ziren garaipenerako faboritoak. Argi geratu da Olaizola II.ak egindako 11 tantuetan eta goizuetarrak erakutsitako abiaduran eta joko onean. Atzean, Ibai Zabala Merino II.a baino lasaiago ibili da, eta horrek aurreko bikotekideari lagundu dio. Merino II.ak patxada handiagoa beharrezkoa zuen bitartean, Zabalak hasierako urduritasuna uxatu eta sendo aritu da jokoan.

Bi bikoteen arteko zuloa handitzen joan da, azken zatian Titin III-Merino II bikoteak gauzak zailago jarri dituen arren. Azkenean, 22-14 irabazi dute Olaizola II.ak eta Zabalak, eta Xala-Barriola, Irujo-Zabaleta eta Bengoetxea VI-Beroiz bikoteekin batera, lehenengo puntua eskuratu dute Binakako Txapelketa hasi berrian.