Publizitatea
Itxi

2021/05/09

18:49

Binakako txapelketa

Finala, Bilbon

Binakako txapela, Elezkano-Zabaletarentzat!

L. E. A. | EITB MEDIA

Jaun eta jabe izan dira Peña-Albisu bikotearen aurka jokatutako finalean (22-7). Jose Javier Zabaleta izan da partidako pilotaririk onena.

1:31
Elezkano eta Zabaleta, 2021eko Binakako Txapeldunak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak irabazi dute 2021eko Binakako Txapelketa, Peñari eta Albisuri 22 eta 7 nagusituta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Finalak jarraipena eman dio txapelketa osoan gertatutakoari, Jose Javier Zabaletaren beste erakustaldi batekin. Nafarra Jon Ander Albisu baino hobeto aritu da. Leitzarrak ondo hasi du partida, baina, tantoek aurrera egin ahala, Aspeko atzelariak aurre egiteko gero eta arazo gehiago izan ditu.

Peñak ere bikain hasi du finala, erasokor eta adoretsu, baina ez du lortu Elezkano bere lekutik ateratzea.

Urdinak bikote gorria baino azkarrago aritu dira lehen tantoetan, eta jokoaren kontrola izan dute. Ondorioz, 3 eta 6 aurreratu dira markagailuan. Baina hortxe bukatu zaie bolada on hori. Pilota aldatzearekin batera, Zabaletaren gorakada iritsi da. 11 eta 0eko partziala egin dute gorriek, finala eta markagailua irauliz, 14 eta 6 aurreratu arte.

Hortik aurrera, partidak kolore bat eta bakarra izan du, gorria, eta pilotari bat guztien gainetik, Jose Javier Zabaleta. Horrela, txapela Elezkano bizkaitarrak eta Zabaleta nafarrak jantzi dute, 22-7ko emaitzarekin. Bigarren txapela da Elezkanorentzat, 2019an irabazitakoarekin batera, eta hirugarrena Zabaletarentzat, 2013an eta 2018an lortutakoekin batera.

Jose Javier Zabaletak, gainera, txapelketako pilotari onenaren saria irabazi du.

Finaleko tanto guztiak:

1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 3-6, 4-6, 5-6, 6-6, 7-6, 8-6, 9-6, 10-6, 11-6, 12-6, 13-6, 14-6, 14-7, 15-7, 16-7, 17-7, 19-7, 19-7, 20-7, 21-7, 22-7.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;