Binakakoa
Ikusmin handia
Faborito argirik gabeko final erakargarria Bizkaia pilotalekuan
Erredakzioa
Zuzenean eitb.com-en eta ETB-1en 17:00etatik aurrera. Igandeko finala jokatzeko pilota oso ezberdinak aukeratu dituzte Xala-Laskurain eta Titin-Merino bikoteek.
-
Xala. Argazkia: EFE
Pilota hautaketan jokalariek adierazi dutenez, Xalak eta Laskurainek aukeratutako hiru pilotek "ez dira frontisetik gehiegi ateratzen" eta "behetik ondo dabiltza". Titinek eta Merinok hautatutako pilotek, ostera, "bote handia dute eta frontisetik ateratzen dira".
"Beraien pilota bizia da eta berotzen baldin bada gehiegi izan daiteke. Guk beste pilota mota bat behar dugu. Guk aukeratutakoak politak dira, baina ezberdinak eta batek daki", azaldu du Xalak.
Bestalde, pilotak "oso ezberdinak" direla esan du David Merinok, euren pilotak "biziagoak" dira eta aurkarienak "motelagoak". Aukeratutako materialarekin "pozik" azaldu da atzelari errioxarra.
Iragarpenak eta sentsazioak
"Orain 20 urteko sentsazio berdinak ditut, baina poz handiagoa sentitzen dut, errioxar batekin jokatuko dudalako eta urteak igarota hemen jarraitzen dudalako. Gainerako gauzak ez dira aldatu, pilotalekuko giroa bikaina da, ordukoa bezalaxe", adierazi du Tricioko aurrelariak.
Txapela lortzeko "faborito argirik ez" dagoela esan du Xalak. "Aurkariak finalera joko hobeagoarekin eta errazago" heldu direla erantsi du Laskurainek, "ondorioz, faboritoren bat egotekotan, beraiek izango lirateke".