Binakakoa
Play-offa
Peña II-Mariezkurrena II bikoteak lortu du Binakako Txapelketako finalerdietarako azken txartela
EITB Media
Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak mendean hartu dituzte Peio Etxeberria eta Rezusta play-offeko partidan, 22-10eko emaitzarekin, eta finalerdietarako sailkatu dira.
Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak Binakako Txapelketako finalerdietarako txartela lortu dute igande honetan, martxoaren 5ean, play-offeko partidan Peio Etxeberria-Rezusta bikotea 22-10eko emaitzarekin garaituta Bilboko Bizkaia frontoian. Gorriak une oro izan dira aurretik markagailuan, baina ez dute aldea handitzerik lortu lehen zatian. Lan erdia beteta zutela hasi da partida apurtzen.
Hasieran, Peña Mariezkurrenak sortu dizkion aukerak baliatu ezinda ibili da, eta ezin izan dute alde handirik atera markagailuan. Une oro aurretik joan badira ere, 4-4ko berdinketa jarri dute markagailuan, eta urdinek 9-8raino hurbiltzea lortu dute gero.
Gorriek 11. tantoa egitearekin batera hasi da partida apurtzen. Berriozarko atzelariak jokoan fin jarraitu du eta Peña asmatzen hasi da tantoak amaitzeko orduan. Horrela, aldea handitzen joan dira, 16-9 jartzeraino.
Azkenean, urdinek tanto bat gehiago lortu dute, eta 22-10eko emaitzarekin eskuratu du Baikoko bikoteak finalerdietarako txartela. Peñak, guztira, 10 tanto egin ditu, baina 22. tantoa, partidako onena, Jon Mariezkurrenak eskuratu du, aurrera etorri eta bi pareta batekin.
Ostiraleko partida galduta, Etxeberriak eta Rezustak finalerdietara sailkatzeko bigarren aukera izan dute. Peñak eta Mariezkurrenak, berriz, Urrutikoetxea-Albisuren aurka garaipena eskuratuta, aurrera egin zuten play-offetan.
Etxeberria eta Rezusta hirugarren postuan sailkatu ziren ligaxkan eta finalerdietara zuzenean pasatzeko aukera galduta, bigarren saiakeran ezin izan dituzte Peña eta Mariezkurrena mendean hartu. Gorriek, bestalde, txapelketa ongi hasi zuten, baina, Mariezkurrenaren lesioa dela eta, zailtasunak izan dituzte eta bosgarren amaitu dute. Azkenean, play-offetan irabazi beharreko bi partidak irabazita, finalerdietarako ligaxkan izango dira.
Finalerdietako ligaxkako lehen partidan, Peñak eta Mariezkurrenak Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari, Labriten. Beste partidan, ostiralean, sailkapena eskuratu zuten Lasok eta Imazek Altunaren eta Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak Gasteizen.