Binakakoa
EITB Pilotari Onena
Jose Javier Zabaletak irabazi du EITB Pilotari Onena saria, bere kirol ibilbidean bigarren aldiz
Pilotan aditua den EITBko epaimahaiak Binakako Txapelketan parte hartu duen beste edozein pilotariri baino puntu gehiago eman dizkio. Horrenbestez, Zabaletak bere bigarren Urrezko Eskua bereganatu du; 2021ean ere jaso zuen, eta Unai Lasori hartu dio lekukoa (Lasok 2021ean irabazi zuen).
Jose Javier Zabaleta Aspeko atzelariak EITB Pilotari Onena saria irabazi du, 2023ko Binakako Txapelketan bikain ibilita. Pilotan adituak diren EITBko kideen epaimahaiak txapelketan parte hartu duen beste edozein pilotariri baino puntu gehiago eman dizkio Etxarrengo pilotariari (148), eta, ondorioz, nafarrak Urrezko Eskua erdietsi du. Bigarren aldiz jaso du garaikur hori Zabaletak; izan ere, 2021ean, saria lehen aldiz eman zutenean, bera izan zen irabazlea. 2022an, ordea, Unai Lasok bildu zituen punturik gehien, eta, hortaz, Zabaletak Lasoren lekukoa hartu du, irabazle gisa.
Zabaletak maila oso handia eman du Binakakoan, EITBko adituen iritziz. Jardunaldiz jardunaldi, pilotariek puntuazioa jaso dute, 1etik 10era; final laurdenetako ligaxkan, atzelari nafarrak 115 puntu lortu zituen, guztira, jokatutako 14 partidetan, hau da, 8,2 batezbeste. Sei norgehiagokatan, 9 bat eman zioten. Finalerdietako ligaxkan, beste 24 puntu izan ditu, 8na hiru partidetan.
Aitor Elordirekin batera, laurdenetako ligaxkan nagusi izan zen. Bikoteak 12 garaipen lortu zituen, jokatutako 14 neurketetan. Finalerako txartela igandean lortu zuten, Xabi Tolosa lesionatuta; Elordi eta Zabaleta Altuna III.aren eta Tolosaren aurka zebiltzan, nor baino nor gehiago, final handirako sailkatzea helburu.
Hain zuzen ere, Aitor Elordik, alegia, Zabaletaren bikotekideak, bigarren egin du EITB Pilotari Onena sariaren azken sailkapenean, 128 punturekin.
Etxarrengo pilotariak bigarren aldiz jaso du Urrezko Eskua; izan ere, 2021ean, EITB Pilotari Onena saria lehen aldiz egin zenean, Zabaletari eman zioten. 2022an, Unai Lasok irabazi zuenean, Zabaleta laugarren postuan sailkatu zen; atzelariei erreparatuta, soilik Beñat Rezustak izan zituen berak baino puntu gehiago.