Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Igandean, Nafarroa Arenan

Laso-Imaz eta Elordi-Zabaleta, Binakako txapelaren bila

A. B. E. | EITB Media

Igandean, apirilaren 2an, jokatuko da Binakako Txapelketako finala Nafarroa Arenan. Final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 17:00etan.

1:51
2023ko Binakakoaren finalistak

Unai Laso-Ander Imaz eta Aitor Elordi-Jose Javier Zabaleta bikoteek jokatuko dute Binakako Txapelketako finala apirilaren 2an, igandean, Nafarroa Arenan. Final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 17:00etan.

Ostegunean, martxoaren 30ean, hautatu zuten finalerako materiala lau protagonistek. Denak pozik irten ziren material aukeraketatik; beraz, pilotak ez dira aitzakia izango igandeko lehiarako.

Lasok eta Imazek finalerdietako ligaxkako lehen bi jardunaldietako neurketak irabazita lortu zuten final handirako txartela: lehen jardunaldian 22-21 menderatu zituzten Altuna eta Tolosa, eta, bigarrenean, nagusi izan ziren finalean berriz topo egingo duten Elordi-Zabaleta bikotearen kontra (22-19). Hirugarren eta azken jardunaldian, aldiz, Lasok eta Imazek ez zuten jokatu eskuetako mina izan zutelako; Artolak eta Eskirozek ordezkatu zituzten, eta galdu egin zuten Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka (22-19).

Laso-Imaz bikotea laugarren izan zen Binakako Txapelketako ligaxkan, eta play-offean lortu zuten finalerdietarako sailkapena, Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta mendean hartuta 22-21eko emaitzarekin.

Bestalde, Elordik eta Zabaletak finalerdietako ligaxkako azken jardunaldian bereganatu zuten finalerako sailkapena. Gainera, partida hartan Jokin Altunarekin bikotea osatu zuen Xabier Tolosaren lesioak eman zien finalerako txartela. 19-15 galtzen ari zirela Tolosak min hartu zuen eta ezin izan zuen jokatzen jarraitu. Lehenago, finalerdietako ligaxkako estreinako jardunaldian garaipena bereganatu zuten Peña II-Mariezkurrena II bikotearen kontra (22-14), eta, bigarrenean, galdu egin zuten finalean aurkari izango dituzten Lasoren eta Imazen aurka (22-19).

Finalerdietan aurrera egiteko gogotik sufritu behar izan zuten arren, Binakako Txapelketako ligaxkan jaun eta jabe izan ziren Elordi eta Zabaleta, jokatutako 14 partidetatik 12 irabazita.

Kontuk kontu eta ibilbideak ibilbide, txapelaren bila aterako dira Laso-Imaz eta Elordi-Zabaleta bikoteak igandean Nafarroa Arenako kantxara.