Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Amaitu dira final-laurdenak

Altuna vs Ezkurdia eta Olaizola vs Elezkano, finalerdiak

Agentziak | Erredakzioa

Goizuetarrak eta zaratamarrak maiatzaren 12an jokatuko dute, Labriten. Gipuzkoarrak eta nafarrak, berriz, maiatzaren 13an, Bizkaia pilotalekuan.

1:39

Jokin Altunak 22-16 irabazi dio Mikel Urrutikoetxeari Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako azken partidan. Ondorioz, Amezketako pilotariak Joseba Ezkurdiaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan.

Altuna txapelketako lau pilotari onenen artean sartu da Urrutiri emaitza iraulita; izan ere, bizkaitarra 0-7 eta 9-14 jarri da aurretik markagailuan.

9-14koaren ostean, gipuzkoarrak 12-0eko partziala egin du, aurkaria baino freskoago zegoela aprobetxatuta, eta garaipenetik tanto bakar batera jarri da. Bizkaitarrak bi tanto egin ditu ondoren, eta horrela apur bat txukundu du emaitza, baina ezin izan du Altunaren garaipena saihestu.

Partida honekin, ezustekoz beteta izan diren final-laurdenak amaitu dira: lau multzoburuak (txapelduna, txapeldunordea eta iazko bi finalerdietan sartu ziren beste bi pilotariak) finalerdietatik kanpo geratu dira.

Finalerdietako datak

Horrela, Ezkurdiak Altunaren aurka jokatuko du maiatzaren 13an Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Arbizukoa Iker Irribarriari gailendu zitzaion igandean Eibarren, 22-9.

Maiatzaren 12an, berriz, Olaizola II.a eta Elezkano II.a arituko dira nor baino nor gehiago. Bizkaitarrak Oinatz Bengoetxea iazko txapelduna kaleratu zuen larunbatean Labriten, 22-14; Aimarrek, berriz, Beñat Rezusta menderatu zuen Bergaran, 22-8.