Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Final laurdenetako ligaxka

Ezkurdiak Peio Etxeberria menderatu du, eta Buruz Burukoaren finalerdietarako sailkatu da

EITB MEDIA

Jokin Altuna izango du aurkari finalerdian. Bi pilotari nafarrek larunbat arratsaldean Labriten jokatutako partida 22-15 amaitu da; neurketa luzea eta gogorra izan da, eta Ezkurdia une oro ibili da aurretik markagailuan.

1:39
Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria

Joseba Ezkurdiak 22-15 menderatu du Peio Etxeberria larunbat arratsaldean, Labriten, Buruz Burukoaren final laurdenetako ligaxkaren hirugarren jardunaldian, eta, hortaz, Buruz Burukoaren finalerdietarako sailkatu da. Ezkurdiak Jokin Altuna izango du aurkari finalerdian, hilaren 20an, Iruñean ere; partida horretako irabazleak finala jokatuko da, ekainaren 4an, Bilbon.

Partida erabakigarria zen, kontuan izanik bi pilotari nafarrek garaipen bana zutela, laurdenetako ligaxkako lehenengo bi jardunaldiak jokatuta, B multzoan. Peio Etxeberriak, final zortzirenetan Alberdi argi mendean hartuta (22-2), Darioren kontra galdu egin zuen, laurdenetako lehen partidan, 22-19, baina bigarren jardunaldian 22-12 irabazi zuen Jakaren aurka, eta, beraz, finalerdietarako sailkatzeko aukera zuen; Joseba Ezkurdia, ordea, zuzenean final laurdenetara sartu zen, eta 22-14 menderatu zuen Jaka lehen neurketan; bigarrenean, aldiz, 22-10 galdu zuen Darioren kontra.

Testuinguru horretan, norgehiagoka luzea eta gogorra izan da, ondo borrokatu dute biek eta, zenbait tantotan, erremate politak egin dituzte. Ezkurdia une oro ibili da aurretik markagailuan; arbizuarrak 6-0ekoa jarri du lehen minutuetan, eta alde nabarmenak lortu ditu, baina zenoztarrak ez du amore eman eta ahalegin handia egin du aurkariaren parean jartzeko. 11-13koan izan du gertu berdinketa, baina Ezkurdiak, orduan, berriro ere handitu du aldea, zazpi tanto bata bestearen atzean eginda, eta emaitza erabaki egin du. 

Hala, Buruz Burukoaren lehen finalerdia Ezkurdiak eta Altuna III.ak jokatuko dute, Labriten, hilaren 20an. Biharamunean, hilaren 21ean, Dario Aitor Elordiren edo Unai Lasoren aurka arituko da; azken bi pilotari horiek datorren ostiralean, hilaren 12an, arituko dira nor baino nor gehiago finalerdietarako txartela eskuratu nahirik.