Lau t'erdikoa
Igande honetan
Jaka vs Altuna, errebantxa kutsua duen finala
L.E.A. | EITB MEDIA
Bi pilotariek Buruz Buruko finala jokatu zuten duela hilabete, eta orduan Jakak jantzi zuen txapela, Altuna faborito nagusia izan arren. Partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eusek.
Buruz Buruko finaleko protagonista berak izango ditu Lau t’erdiko finalak igandean: Erik Jaka eta Jokin Altuna. 2020ko azken final handia izango da.
Azaroaren 29an jokatutako Buruz Burukoan Jaka 26 urteko lizartzarrak jantzi zuen txapela, bere ibilbidean lortzen duen lehen garaipen handian.
Jokin Altuna 24 urteko amezketarra faborito nagusi zen orduan, eta Jakak jokoaren alor guztietan gainditu zuen. Baina Altuna jaioa da Lau t’erdikoan, bosgarren urtez jarraian izango da finalean.
Altuna txapeldun izan zen 2017an eta txapeldunorde 2016an, 2018an eta 2019an. Aurtengo edizioan Danel Elezkano (22-14) kanporatu du final-laurdenetan eta Oinatz Bengoetxea (22-12) finalerdietan.
Erik Jakak, berriz, maila bikaina eman du pandemiaren ondorioz hilabetean jokatu den Lau t’erdikoan. Lizartzako aurrelaria estu eta larri ibili zen Peio Etxeberria final-laurdenetan gainditzeko, eta ondoren, finalerdietan, 22 eta 16 gainditu zuen Joseba Ezkurdia azken bi edizioetako txapelduna.
Ateak itxita
Asteazkenean Bizkaia pilotalekuan egindako material hautaketan, Altuna III.ak 104,6 eta 104,9 gramoko bi pilota aukeratu zituen. Jakak, aldiz, pisutsuagoak aukeratu zituen, 104,9 gramoko bat eta 105,1 gramoko beste bat.
Finala ateak itxita jokatuko da, osasun protokoloei jarraituta. Jaialdia 17:00etan hasiko da, Elezkano II.a-Aranguren eta Peña II.a-Martija bikoteen arteko partidarekin, enpresek antolatutakoa. Ondoren, finala jokatuko da. Jaialdia zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eusek.