Lau t'erdikoa
Txapelaren bila
Dena prest Altuna III-Peio Etxeberria Lau t'erdiko finalerako
EITB Media
Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak Lau t'erdiko Txapelketako finala jokatuko dute, gaur, Bilboko Bizkaia frontoian. Partida zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 16:30etik aurrera.
Dena prest dago Bilboko Bizkaia frontoian 2023ko Lau t'erdiko final handirako. Jokin Altuna eta Peio Etxeberria ariko dira nor baino nor gehiago. Finala zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, gaur, 16:30etik aurrera.
'Kaiola'ko zortzigarren finala da Altuna III.arentzat. Amezketakoak hiru aldiz jantzi du Lau t'erdiko txapela. Bestalde, Peio Etxeberriak estreinakoz jokatuko du maila goreneko final bat. Jokin da faboritoa, baina Peio sasoiko dago eta ezustekoa ematen saiatuko da.
Altuna III.aren ibilbidea 2023ko Lau t'erdikoan
Jokin Altunak final-laurdenetako ligaxkan ekin zion txapelketari. Amezketakoak (Gipuzkoa) Artola hartu zuen mendean (22-15) B multzoko lehen jardunaldiko neurketan; eta, bigarrenean, Peña II.ari irabazi zion 22 eta 11. Hala, bada, bitik bi garaipenekin finalerdietarako txartela eskuratu zuen. Hirugarren neurketa jokatzeari uko egin zion, min hartuta egon zelako.
Gero, airean egon zen haren parte-hartzea finalerdietan, baina, azkenean, jokatzea erabaki zuen. Erik Jaka izan zuen aurkari finalerako sailkapena lortzeko norgehiagokan, eta Altuna III.ak garaipena bereganatu zuen 21-22ko emaitzarekin.
Peio Etxeberria ibilbidea 2023ko Lau t'erdikoan
Peio Etxeberriak ere final-laurdenetako ligaxkan hasi zuen txapelketa. Zenotzekoak (Nafarroa) Erik Jakari irabazi zion (9-22) A multzoko lehen jardunaldian; bigarrenean, mendean hartu zuen Joseba Ezkurdia iazko txapelduna, 19 eta 22; eta, hirugarren jardunaldian ez zuen jokatu, Salaberriak txapelketa utzi baitzuen, min hartuta: ligaxkako lehen neurketa jokatu ostean, erretiratu egin zen lesio baten ondorioz.
Etxeberria A multzoko lider gisa sailkatu zen finalerdietara, eta Peña II.aren aurka nagusituta (15-22) heldu zen finalera.