Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Udako Emakume Master Cup

Ibarrola eta Gaminde, Udako Emakume Master Cupeko Binakako txapeldun

L.U. | EITB MEDIA

7-22 menderatu dituzte Arrizabalaga eta Bergara, Bermeoko Artza pilotalekuan jokatutako finalean, erakustaldi bikaina emanda.

0:30
Ibarrola eta Gaminde

Aizane Ibarrola eta Enara Gaminde dira 2025eko Udako Emakume Master Cupeko Binakako txapeldunak. Uharteko aurrelaria eta Laukizko atzelaria nagusi izan dira Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergararen aurka Bermeoko Artza pilotalekuan jokatutako final handian, 7-22 gailenduta.

Olatz Arrizabalagak ordezkatu du min hartuta dagoen Amaia Aldai Bermeoko finalean, San Mateo Torneoko finalean eskuineko eskuan min hartu baitzuen.

Final orekatua eta estua aurreikusita zegoen, baina ez da horrelakorik gertatu, Ibarrolak eta Gamindek osatutako bikote sendo eta gazteak erabateko nagusitasuna erakutsi baitu partida osoan zehar. 

Ibarrolaren eta Gaminderen estrategia saketik tantoa egin edo atzean min egitea izan da. Aginte makila Ibarrolak hartu du, bikotearen zama bere gain hartuta. Dena den, Gamindek egindako lana ere bikaina izan da, sendotasun handia erakutsi baitu atzean.

Gauzak horrela, urdinak hasieratik jarri dira aurretik, 6 tanto jarraian eginda; izan ere, Ibarrolak oso ondo baliatu ditu sakeak min handia egiteko. Partidak aurrera egin ahala, partziala handituz joan da (1-10), eta bikote gorriak partzial hori murrizteko arriskuak hartu behar izan ditu. 

Arrizabalagak atzera egin du, Arrate Bergarari lagundu nahian, eta hutsuneak sortu dira aurrean, bikote urdinak tantoak egiteko aprobetxatu dituenak. Aldea gero eta handiagoa izan da (3-15), eta urdinei tantoa egiteko lan handia egin behar izan dute gorriek. 

Markagailuan alde handia izateak, bestalde, lasaitasuna eta konfiantza eman die urdinei. Azkenean, Aizane Ibarrola eta Enara Gamindek osatutako bikotea oso nagusi izan da, eta oparirik eman gabe gailendu dira 7-22.

Finala, tantoz tanto:

0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 0-5, 0-6, 1-6, 1-7, 1-8, 1-9, 1-10, 2-10, 2-11, 2-12, 3-12, 3-13, 3-14, 3-15, 4-15, 4-16, 4-17, 5-17, 5-18, 5-19, 6-19, 6-20, 7-20, 7-21 eta 7-22.