Pilota
Eusko Label Winter Series
Olharanek eta Sorozabalek Laduche-Zabala bikotea gainditu eta bizirik jarraitzen dute txapelketan
EITB Media
Lesionatuta dagoen Johan ordezkatu duen Jean Olharanek eta Gorka Sorozabalek bi jokotan (9-15 eta 11-15) irabazi diete Ludovic Laducheri eta Jon Zabalari Gernikan jokatutako laugarren jardunaldian.
-
Jean Olharan eta Gorka Sorozabal partidan zehar. Irudia: ERAMAN!
Lesionatuta dagoen Johan ordezkatu duen Jean Olharanek eta Gorka Sorozabalek bi jokotan (9-15 eta 11-15) irabazi diete Ludovic Laducheri eta Jon Zabalari Gernikan jokatutako Eusko Label Winter Serieseko laugarren jardunaldian. Lehen garaipenaren ostean, Ludo eta Jon konfiantzaz gainezka zeuden, baina ez die balio izan gaurko partida irabazteko.
Olharanek eta Gorkak oso ondo hasi dute norgehiagoka; aitzitik, Laduchek eta Zabalak hotz samar ekin diote neurketari, eta huts batzuk egin dituzte. Hasierako abantaila hori erabakigarria izan da lehen jokoan. Paueko aurrelaria fin eta zorrotz aritu da errematean. Markina-Xemeingo atzelaria eta aurrelari lapurtarra behin baino gehiagotan hurbildu dira markagailuan, baina ez dituzte aurkariak pasa(9-15).
Bigarren jokoan, norgehiagokaren joera ez da aldatu, Olharanen eta Gorkaren jokoa aurkariena baino askoz ere sendoagoa izan baita; izan ere, Laduchek eta Zabalak une desegokienetan akatsak egin dituzte berriro. Hala eta guztiz ere, getariarrak eta markinarrak jokoa 10-10 berdintzea lortu dute, baina hanka-sartzeek euren ahalegina zapuztu dute berriz (11-15).
Horrela, Winter Serieseko A multzoan gauzak estu daude. Olharanek eta Gorkak bi jokotan irabazi izanak are emozio handiagoa eman dio oraindik edozer gauza gerta daitekeen multzoari.
Paueko aurrelaria, lesionatuta dagoen Johanen ordezkoa, laukoteko nabarmenena izan da gaurkoan, eta aurreko koadroetan egindako ekarpenaren ondorioz, laranjak bigarren jarri dira sailkapenean. Egungo txapeldunak, Erkiaga eta Ibarluzea, garaipenik gabeko bikote bakarra dira, eta Laduche-Zabala, hirugarren postura erori dira, 3 puntu eta 13 tantorekin.
Abenduaren 1eko norgehiagoka (Erkiaga-Ibarluzea vs Johan-Gorka) erabakigarria izango da. Sorozabal gazteenak bere orkatilako lesiotik sendatu eta berragertu nahi du egun horretan, baina zalantza izango da azken unera arte.



