Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Ardoaren desafioa

Asegarcek irabazi du Bilboko Ardoaren Desafioa

Erredakzioa

Asegarce enpresak 600 ardo botila irabazi ditu Bilboko Aste Nagusian jokatu den Ardoaren Desafioan.

  • Ardoaren Desafioa

    Ardoaren Desafioa

Bizkaia Pilotalekua Ardoaren Desafioaren testigu izan da Bilboko Aste Nagusiko egun handian. Bertan, Arretxe II.a eta Jaunarena lau t’erdian aritu dira, Titin III.a eta Laskurain bikotea eta Elezkano II.a eta Albisu binaka aritu dira, eta Zubieta eta Urrutikoetxea buruz buru aritu dira.

Arretxe II.ak eta Jaunarenak jokatu dute Ardoaren Desafioaren lehenengo partida. Ikerrek erraztasunak eman dizkio Jaunarenari eta honek ez du aukera galdu nahi izan. Sakea aprobetxatu egin du, eta pilota bizi jokatu du. Azkenean, 15-22 bukatu da partida.

Ondoren, binakako partidaren txanda izan da. Bertan, Titin III.ak eta Laskurainek Elezkano II.a eta Albisuren aurka neurtu dituzte indarrak. Neurketa jokatua izan da, berdinketa bat baino gehiagokoa. Danel Elezkano txukun aritu da defentsan, baina Titinek ez du desafioko puntua galdutzat eman nahi izan. Azkenean, Elezkanok eta Albisuk eraman dute enpresaren puntua, Titin III.ak eta Laskurainek osatu duten bikotea 16 tantotan lagaz.

Asegarceren eta Asperen arteko desafioaren markagailu partikularra berdinduta gelditu denez, Aitor Zubietak eta Urrutikoetxeak erabaki dute irabazlea. Urrutikoetxeak 0-10eko partzialarekin hasi du partida. Zubietak aldea txikitu duen arren (10-14), ez da nahikoa izan neurketari buelta emateko. Azkenean, Ardoaren Desafioan jokoan zeuden 600 botilak Asegarce enpresaren eskuetara pasatu dira, Urrutikoetxeak Zubietari 13-22 irabazi ostean.