Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Akordioa

Baikoko pilotariek greba amaitutzat eman dute aldarrikapen gehienak lortu ostean

Erredakzioa

Kontratua amaitu zitzaien Laso, Mariezkurrena, Eskiroz eta Victor berriz hartu ditu enpresak eta lan-baldintzak ere onartuak izan dira.

  • Baikoko pilotariak

    Baikoko pilotariak. Argazkia: EiTB

Baikoko pilotariek greba amaitutzat eman dute, enpresak aldarrikapen gehienak onartu ostean. Azarora arte luzatu zuten greba pilotariek, baina astearte honetan bi aldeak akordiora iritsi dira.

Aldarrikapen garrantzitsuenetako bat Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena pilotarien kontratuak berritzearena zen, eta Baikok onartu egin du. Enpresen Ligak adierazi duenez, pilotari horien kontratu-berritzeak "epe ezberdinetan egingo dira".

Kontu ekonomikoari dagokionean, pilotariek gutxieneko 25.000 euroko soldata izango dute. Neurria indarrean sartuko da jaialdiak frontoiaren edukieraren ehuneko 80arekin egiten hasten direnean. Gainera, pilotariek gehigarria jasoko dute jaialdiko partida nagusia jokatzeagatik. Bestalde, gain-saria jasoko dute Hego Euskal Herritik kanpo jokatzen dituzten neurketetan.

Entrenamenduei buruzko arauetan ere aldaketak egongo dira: pilotariek aukera izango dute euren kabuz entrenatzeko edota enpresak zuzendutako lansaioetan parte hartzeko. Pilotako Enpresen Ligak beste hainbat konpromiso ere hartu ditu, lan eta lehiaketa egutegiei, informazio eskubideari, botileroei, eta beste kontu batzuei dagozkienak.

ELA sindikatuak pilotariak zoriondu ditu ohar baten bidez. Kirol profesionalean ere sindikatu batean antolatzea "oso garrantzitsua" dela adierazi du ELAk eta pilotarien borrokarik gabe akordioa ez zela posible izango gaineratu du.