Pilota
23 urteren ostean
Azaroaren 13an utziko du pilota Aimar Olaizolak
EITB MEDIA
Goizuetako aurrelariak 42 urte beteko dituen egunean jokatuko du bere azken neurketa, 23 urte iraun duen ibilbide oparoari (14 txapel irabazi ditu) agur esateko.
Aimar Olaizola pilotari nafarrak erretiroa hartuko duela baieztatu du asteazken honetan, 23 urte gorengo mailan jardun eta gero, 1998ko otsailaren 12an Lekunberriko Jayan Jai pilotalekuan debuta egin zuenetik.
"Momentua iritsi da nire pilota ibilbidearen azken partidari data jartzeko" azaldu du Olaizolak Bilboko Bizkaia Frontoian eman duen prentsaurrekoa hasi eta berehala. Nahiz eta onartu duen pilota uzteko une egokiena zein den jakitea ez den erraza, uste du egungoa "momentu polita" izan daitekeela, CaixaBank Masterseko finalerako sailkatuta dagoen honetan eta 42. urte betetzear dela.
Hala, Olaizolak berak jakinarazi duenez, profesional gisa jokatuko duen azken neurketa azaroaren 13an izango da, bere urtebetetze egunean, hain zuzen ere, Goizuetan. Binaka arituko da Imazekin bikote eginez, Jaka eta Aretxabaletari aurre egiteko.
Olaizolak "argi" zuen bere azken partida Goizuetan izatea nahi zuela, "bost urte zituenetik" jokatu baitu bertan, eta bertako herritarrei eskerrak eman nahi dizkie bere ibilbidean zehar erakutsi dioten babesagatik.
Pilotariak eskerrak eman dizkie bere gurasoei, emazteari, jokatu duen Aspe eta Baiko (aurretik Asegarce zena) Iñigo Simon, Mikel Sanchez eta Itxaso Sanchez medikuei eta Bixente Artola masajistari, zaleei eta kazetariei.
Pilotari nafarrak Jose Ramon Garai Baiko Pilotako zuzendaria aldamenean zuela egin du agerraldia, eta haren aburuz, Olaizola "historiako pilotari onenetakoa eta XXI. mendeko onena" da, pilota "handiagoa" bihurtu duena.
"Ez da kasualitatea txapeldun handia izatea. Xehetasun guztiak zaintzen ditu, eta eguneko 24 orduetan profesionala da. Ez dio inoiz ukorik egin esfortzuari, une txarrei aurre egiten jakin du, eta beti izan du publikoarekiko errespetua", nabarmendu du Garaik.
Baikoko arduradunak jakinarazi duenez, Olaizolaren ibilbideari amaiera emango dion partidaren aurretik beste zenbait neurketa ere jokatuko ditu; besteak beste, Logroñon (irailak 24), Donostian (urriak 2), Bilbon (urriak 17), Iruñean (urriak 23) eta Gasteizen (urriak 31) ere jardungo du aurrelariak.
BIDEOA: Aimar Olaizolak jokatuko dituen azken partidak:
Ibilbide aparta
Azaroaren 13an 23 urteko ibilbide profesional oparoari emango dio amaiera Olaizolak, bere palmares distiratsuak hala erakuste duenez. Izan ere, Buruz Buruko lau txapel (2005, 2007, 2012 eta 2013), Lau t'erdiko zazpi (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012, 2013) eta Binakako hiru (2008, 2011, 2016) bereganatu ditu.
Irujorekin lehia
Guztira 14 garaipen lortu ditu lehen mailan jokatu dituen 26 finaletan. Final horietan guztietan Juan Martinez de Irujo nafarra izan du aurkari zailenetakoa, 13 aldiz izan baitziren nor baino nor gehiago txapelaren bila. Final horietan, Olaizola II.a zazpi aldiz gailendu zen, gainerako sei finalak Irujoren aldekoak izan zirelarik.
Gainera, 2002tik 2016ra bitartean, Goizuetako pilotariak hiru txapelketa handietako finalen batean parte hartu zuen urtero. 2002ko Lau t'erdiko finala izan zen lehena, Abel Barriolari 22-13 irabazi ziona.
Hutsegite bakarra 2010ean gertatu zen, sei hilabetez pilotalekuetatik aldenduta egon behar izan baitzuen, belauneko lesio larri baten ondorioz.
Ondoren, 2018ko Buruz Buruko txapelaren eta 2020ko Binakako txapelaren azken lehian egotea ere lortu zuen, baina ezin irabazita geratu zen.
Aimar Olaizolak jokatutako azken finala: