Pilota
HERIOTZA
Panpi Ladutxe pilotari ohia hil da
A. A. | EITB MEDIA
Bi aldiz izan zen Binakako Txapelketako irabazle, Joxean Tolosarekin bikotea osatuz. Pilotan jokatzeari utzi ostean, Sebastien Gonzalez eta Yves Salaberri "Xala" pilotarien botilero lanetan jardun zuen. Horrez gain, abeslari gisa ere aritu zen.
Panpi Ladutxe (Azkaine, 1955) pilotari ohia hil da, 66 urte zituela, Xabier Euzkitze ETBko kazetariak eman du heriotzaren berri Twitter bidez asteazken honetan.
Trinketean aritu zen bere lehen urteetan, eta 1974an, 19 urte zituela, munduko txapeldun izatera iritsi zen modalitate horretan, Montevideon (Uruguai) jokatutako Munduko Txapelketan.
Gerora, 26 urterekin, ezker hormako txapelketetara egin zuen jauzi aurrelari gisa, eta, arlo horretan, Binakako bi txapelketa bereganatu zituen (1987an eta 1989an), bietan Joxean Tolosa atzelariarekin bikotea osatuz. 1988an ere gertu izan zuen txapela, baina Martinikorenarekin batera amore eman behar izan zuen Retegi II.aren eta Errandonearen aurrean (22-16).
1994an utzi zion pilotan aritzeari; dena dela, ez zen kantxetatik aldendu, Sebastien Gonzalez eta Yves Salaberri "Xala" pilotarien botilero lanetan jardun baitzuen.
Pilotan aritzeaz gain, abeslari gisa ere jardun zuen, eta, hala, hiru disko argitaratu zituen: "Aitari" (1995) eta "Chansons du Pays Basque" (2002) eta "Orhoit" (2012).
ETBn aurkezle zereginetan ere ibili zen, Iparraldeko kirolei buruzko Gure Kintzea saioko gidaria izan baitzen.
"Sei argazkitan"ek saio berezia eskaini zion
ETB1eko "Sei argazkitan" saioak programa berezia eskaini zion 2014an, eta, bertan, haren gaztetako argazkiak ikusteaz gain, bere ibilbideko hainbat une bereziri buruz aritu zen solasean Pedro Mari Goikoetxea kazetariarekin.
Pilotari ohiaren bizitza
Panpi Ladutxe hil da, pilotaren historia luzean izan den izarrik handienetako bat. Bakean beza atseden. Ez haugu ahantziko, adiskide. #panpi #panpiladutxe #ladutxe #pilota #eskupilota ¿ arnaitzrubiophoto pic.twitter.com/HaRgZi87HP
— Xabier Euzkitze (@XabierEuzkitze) December 1, 2021