Pilota
ERREMONTEA
Urrizak eta Labakak txapela defendatuko dute Ansa II.aren eta Martirenaren aurka
EITB MEDIA
Egungo txapeldunek 36-40 irabazi diete Goikoetxea V eta Barrenetxea IV.ari eguneko bigarren finalerdian. Aurretik, Ansa II.ak eta Martirenak 40-25 gainditu dituzte Juanenea eta Aizpuru III.a.
Urriza-Labaka eta Ansa II.a-Martirena bikoteak izango dira aurrez aurre datorren 30ean Hernaniko Galarretan jokatuko den Erremonteko Binakako finalean. Egungo txapeldunek Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a hartu dituzte mendean eguneko bigarren finalerdian, 36-40ko emaitzarekin. Aurretik, lehendabiziko kanporaketan, Ansa II.ak eta Martirenak 40-25 irabazi diete Juanenea eta Aizpuru III.ari.
Hala, egungo txapeldunek jokatutako norgehiagoka gogorra izan da eta oso estu joan da azken txanpan. Goikoetxea eta Barrenetxea 6-0 hasi dira irabazten. Atzelariak primeran aprobetxatu du bere sakea jokoan nagusitzeko, urdinak hotz samar kantxaratu direla baliatuta. Alabaina, azken horiek azkar berotu dira euren pilota berreskuratu bezain pronto.
Markagailua 8-2 islatzetik 15-24ra erakustera igaro da, urdinen aldeko 7-22ko partzialarekin. Tarte horretan, Urrizak gaina hartu dio urduri antzera agertu den Goikoetxeari, eta bazirudien neurketak irabazle argia izan zezakeela. Haatik, 19-27ko tantotik aurrera, erabat aldatu da lehia.
Barrenetxeak berriro ekin dio ondo ateratzeari, eta gehiago hasi da sartzen jokoan. Ahalegin handia egin dute, eta pixkanaka-pixkanaka markagailuko zuloa itxi eta aurretik jartzea ere lortu du 30-28, 11-1eko partzialari esker. Gorriek piloteoa menderatzen zuten, baina urdinek sufritzen eta partidari eusten jakin dute.
Finalerdiko azken txanpa oso parekatua izan da, beste gora-behera askorekin, baina, azkenerako, garaipena egungo txapeldunen aldekoa izan da (36-40).
Ansa II.ak eta Martirenak Juanenea eta Aizpuru III.a garaitu dituzte (40-25)
Aurretik, lehen finalerdian, Ansa II.ak eta Martirenak 40-25 irabazi diete Juanenea eta Aizpuru III.ari, bi zati oso desberdin izan dituen kanporaketan. Lehenengoan, oreka handia egon da; bigarrenean, ordea, Juaneneak eta Aizpuru III.ak behera egin dute. Urdinak 18-22 izan dira aurretik, baina 22-3ko partziala jaso dute, finalerdia erabat erabaki duena.
Finalerdiaren aurretik, covid-19aren ondorioz Juaneneak pairatutako bajak bere eragina izan du neurketa bigarren zatian, Ansa II.ak askoz erosoago jokatu baitu, eta partida hausteko probestu du.