Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontari

Urriza-Zubiri bikotea "Erremontari" 2022ko txapeldun, finalean Ansa II.a-Juanenea bikotea mendean hartuta

EITB Media

Urrizak eta Zubirik txapelak jantzi dituzte Ansa II.ari eta Juaneneari finala irabazita 30-28ko emaitzarekin.

0:55
Zubiri eta Urriza

Javier Urriza eta Aritz Zubiri dira "Erremontari" 2022ko Sagardoaren Txapelketako irabazleak. Astelehen honetan (ekainak 20) jokatu den finalean Imanol Ansa eta Aritz Juanenea mendean hartu dituzte 30-28ko emaitzarekin.

Finaleko lehen bi tantoak Urriza-Zubiri bikoteak lortu ditu (2-0), baina azkar erantzun dute Ansa II.ak eta Juaneneak partida parekatzea lortuz (2-2). Ondoren, berdinketak bata bestearen ostean etorri dira (3-3, 4-4, 6-6, 7-7, 8-8, 9-9, 10-10 eta 11-11). Hamaikanako berdinketaren ostean, nagusi izan dira Urriza eta Zubiri, eta lehen atsedenaldira hiru tantoko abantailarekin iritsi dira (15-12).

Atseden hartu eta botileroekin hitz egin ondoren, parekotasuna izan da nagusi; lehenengo, Ansa II.a-Juanenea bikoteak desabantaila murriztu du, eta, geroago, lehia berdindu dute (17-17). Hemeretzinako berdinketaren ostean (19-19), Urrizak eta Zubirik markagailuan zuloa irekitzea lortu dute berriro, bigarren atsedenaldira hiru tantoko errentarekin helduta (24-21).

Bigarren atsedenaldia eta gero, bazirudien Urriza-Zubiri bikoteak garaipena bideratuta utzi behar zuela 26 eta 22koarekin, baina Ansa II.ak eta Juaneneak ez dute etsi, eta bi tantora gerturatu dira (27-25). Hala ere, Urriza eta Zubiri ez dira urduri jarri, eta momentu erabakigarrietan asmatuta, garaipenetik tanto bakarrera jarri dira, aurkariekiko hiru tantoko errentarekin (29-26).

Ansa II.ari eta Juaneneari oso maldan gora jarri zaie finala, baina ez dira amore emateko prest egon, eta tanto bakarrera kokatu dira (29-28). Dena airean egon da azkenera arte. Ansa II.ak eta Juananeak norgehiagoka berdintzeko aukera izan dute euren sakearekin, baina ez dute asmatu, Ansa II.ak ezin izan du Urrizak errebotera bota duen pilotakada eraman, eta garaipena Urriza-Zubiri bikoteak bereganatu du (30-28).