Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

7. JARDUNALDIA

Erkiaga-Zabala bikotearen ezinbesteko garaipena Goitiaren eta Aimarren aurka

B. L. | A. A | EITB MEDIA

Bi setetan lortu zuten garaipena (15-10, 15-8), eta lau puntu bereganatu zituzten A multzoko sailkapenean arnasa hartzeko.

1:07
Erkiaga sakea egiten

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala Eusko Label Winter Serieseko egungo txapeldunek ezin zuten hutsik egin A multzoko euren bigarren neurketan; izan ere, txapelketako estreinaldian Barandika-Lekerika bikotearen aurka galdu ostean, puntu beharrean zeuden finalerdietara sailkatzeko helburua erdiesteko bidean. Hala, aurreikuspenak bete zituzten, eta bi setetan irabazi zieten honezkero sailkatzeko aukerarik gabe zegoen Alex Goitiandia debutariak eta Aimar Aldazabalek osatutako bikoteari (15-10 eta 15-8).

Neurketaren garrantziaz jakitun, Erkiaga eta Zabalak buru belarri ekin zioten lehiari, bereziki aurrelari bizkaitarrak, horren isla lehen setean erdietsitako 10 tantoak, apenas akatsik egin gabe. Hala ere, ez zuten markagailuan gehiegi urruntzerik lortu atsedenaldira arte. Lehen seteko hutsartera 8 eta 4 heldu ziren.

Aitzitik, Thomas Urrutiaren ordez ari zen Goitiak estreinako nerbioak alde batera utzi ostean, zenbait tanto pilatu zituen bere bikotearen alde, markagailuan zertxobait gerturatzeko (10-7). Hori bai, une oro joan ziren atzetik.

Gainera, Markinako aurrelari gazteak arazoak izan zituen sakearekin (lau pasa pilatu zituen lehen jokoan), eta faboritoek ez zuten arazorik lehen jokoan gailentzeko (15-10).

Bigarren setaren hastapenean akatsak izan ziren bi aurrelarien partetik, baina betiere laranjak agintzen zirela, nahiz eta zuriei markagailuan gertutik jarraitzeko parada eman zieten (4-2, 5-4). Atsedenaldia lehen jokoko emaitza berdinarekin heldu zen (8-4). Handik bueltan, emaitza asko estutu zuten zuriek, tanto bakarrera jartzeko adina (8-7). Alabaina, Goitia eta Aimarren itxaropenak hortxe bukatu ziren Erkiagak eta Zabalak 14. tantora arte egin baitzuten jauzi (14-7), eta 15 eta 8 gailendu ziren azkenerako.

Horrenbestez, lau puntu bildu ostean, joan zen urteko garaileek bizirik jarraitzen dute txapelketan, eta bost dituzte orain A multzoko sailkapeneko bigarren tokian, Olharan-Basque bikoteari aurre hartuta, baina haiek partida bat gutxiago dute. Goitiak eta Aimarrek, berriz, euren azken partida jokatu zuten aurtengo Winter Seriesean.