Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Palako Banakako Txapelketa

Necol, txapeldun Perezi finala irabazita

A. B. E. | EITB Media

Dan Necolek jantzi du palako Banakako Txapelketako txapela finalean Ibai Perez mendean hartuta (2-3).

0:13
Dan Necol

Dan Necol da 2023ko palako Banakako Txapelketako irabazlea, larunbat honetan (otsailak 4) finalean Ibai Perez mendean hartu ostean (2-3) Bilboko Bizkaia frontoian.

Lehen jokoari ondo ekin dio Necolek lehen bi tantoak bereganatuta. Hala ere, pixkanaka, Perez agintzen hasi da, eta jokoa irabazi du (10-4). Bigarren jokoaren hasieran gehiago izan da Ibai Perez (6-2), baina Dan Necolek azkeneraino estutu du (9-8) bizkaitarra, tanto bakarrera hurbilduta; Perezek, ordea, hamargarren tantoa egin eta bigarren jokoa ere irabazi du (10-8).

Hirugarren jokoa hil ala bizikoa izan da Necolentzat, eta ez du kale egin. Bederatzina berdinduta (9-9) iritsi dira bi palistak jokoaren amaierara, baina, oraingoan, Necol izan nagusi (9-10). Hirugarren jokoa irabazteak hauspotu egin du Necol, eta laugarrena ere bereganatu du (5-10). Ibai Perezek ez du eman lehen bi setetan eskaini duen maila.

Finala bosgarren jokoan erabaki da. Hirunakoaren ostean (3-3), hiru tantoko abantaila hartu du Necolek (3-6). Frantziarrak garaipena bideratu du azken txanpan 5 eta 8 aurretik jarrita, baina Perezek emozioa gehitu dio finalari, zortzinakoa (8-8) markagailuan ipinita. Txanpa erabakigarrian, Ibai Perezek txapapera bota du pilota (8-9), eta Dan Necolek tanto bikaina eginda biribildu du garaipena (8-10).

Urrutia, hirugarren

Iñaki Urrutiak irabazi du hirugarren eta laugarren posturako lehia Roman Maldonado menderatuta (3-2). Lehen jokoa Urrutiak bereganatu du (10-5) nagusitasunez, baina Maldonadok irabazi du bigarren joko parekatua (9-10).

Hirugarrenean jaun eta jabe izan da Urrutia (10-4), eta laugarrenean Maldonado nagusitu da (7-10).

Ondorioz, bosgarren jokoan erabaki da neurketako irabazlea. Amaieran, Urrutia garaile (10-7) seinako berdinketaren ostean Maldonado baino gehiago izanda.