Pilota
ZESTA-PUNTA
Emakumezkoen Winter Series txapelketa, Durangoko Ezkurdin, hiru astez
A. A. | EITB MEDIA
Lau bikote lehiatuko dira datozen hiru astelehenetan, otsailaren 27tik eta martxoaren 13ra bitartean. Horrez gain, lauko finala jokatuko dute banaka Gernikako gizonezkoen Winter Serieseko lau puntista onenek.
Zesta-puntako emakumezkoen Winter Series txapelketa aurkeztu dute ostegun honetan. Aurkezpena Durangoko Ezkurdi frontoian egin da, hau da, lehiaketa hartuko duen pilotalekuan.
Hala, urtarrileko inaugurazioaren ondoren, Durangoko Ezkurdi pilotalekuak ateak irekiko ditu berriz "goi-mailako txapelketa bat" hartzeko. "Winter Series marka indartsua bihurtu da zesta-puntarentzat", eta Gernikako Jai Alai frontoian jokatzen den gizonezkoen txapelketa behin amaituta, emakumezkoen neguko txapelketari ekingo diote lehen aldiz.
Egitasmo berri horretako antolatzaileek azaldu dutenez, datorren astelehenean, otsailaren 27an, jarriko da martxan txapelketa, emakumezko lau bikoterekin, eta hiru jardunaldi izango ditu, guztiak astelehenez jokatuko direnak, hots, otsailaren 27an, martxoaren 6an eta martxoaren 13an. Beraz, bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte.
Parte hartuko duten pilotarien adina nabarmendu nahi izan dute aurkezpenean; izan ere, Durangon arituko diren pilotari denak oso gazteak dira. Zaharrena Eneritz Lizardi mutrikuarra izango da, 18 urtekoa. Gazteenak, berriz, Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra dira. Batak zein besteak 15 urte beteko dituzte aurki. Gainerako bost puntistak (Maite Ortiz de Mendibil, Maialen Aldazabal, Helena Barrenetxea, Arai Lejardi eta Ihart Arakistain) adin tarte horretan daude.
Antolatzaileen hitzetan, emakumezkoen zesta-punta "ez da berria, baina duela gutxira arte gizonezkoekin jokatu behar izan dute emakume pilotariek", gutxi baitziren. Dena dela, azken urteetan "aurrerapauso itzela" eman dela nabarmendu dute: "Zesta-eskoletako lanari esker, emakume pilotarien belaunaldi berria agertu da, eta lehen aldiz emakumeen zesta-txapelketak jokatu ahal dira".
PILOTARI DURANGAR BAT GOI-MAILAN
Emakumezkoen lehen Winter Series honetan protagonismo berezia izango du Helena Barrenetxea durangarrak. Ezkurdi berrituaren inaugurazioan parte hartu zuen urtarrilean, eta lehiaketa honetan Eneritz Lizardi izango du bikotekide. Honako hauek izango dira gainerako hiru bikoteak: Maite-Maialen, Arakistain-Frida eta Erika-Arai.
GIZONEZKOEN FINAL FOUR TXAPELKETA
Jaialdi bakoitzean bi norgehiagoka jokatuko dira, emakumezkoen neurketaz gain, gizonezkoen banakako partidak ere izango baitira ikusgai. Buruz buruko horietan Gernikako Winter Series txapelketan protagonista izan diren lau puntista arituko dira: Imanol Lopez (txapelduna), Xabi Barandika (txapeldunordea), Aritz Erkiaga (iazko txapelduna) eta Johan Sorozabal (lehen aldiz parte hartu du txapelketan).
Ezkurdik 19:00etan zabalduko ditu ateak astelehenero. Lehenengo emakumezkoen txapelketako lehia jokatuko da, eta, ondoren, gizonezkoen banakakoaren txanda izango da. EITBk neurketa guztiak ikusteko aukera eskainiko du, 22:30etik aurrera.
TXAPELKETAKO EGUTEGIA
Otsailak 27, astelehena (19:00)
Maite-Maialen vs Arakistain-Frida (15-12, 15-13)
Barandika vs Johan (15-11, 15-11)
------------------------------------------------------
Martxoak 6, astelehena (19:00)
Erika-Arai vs Helena-Eneritz
Erkiaga vs Lopez
------------------------------------------------------
Martxoak 13, astelehena (19:00)
Finalak