Pilota
AGURRA
Victor Estebanek agur esango dio pilota profesionalari
EITB MEDIA
Aurrelari errioxarrak prentsaurrekoa eman du Ezkarain, abuztuaren 10ean jokatuko duen agurreko partida aurkezteko.
-
Victor Esteban pilotaria. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Victor Esteban Aspeko pelotariak, 10 urteko ibilbidearen ostean, profesional gisa ez duela jokatzen jarraituko iragarri du gaur prentsaurreko batean. Aurrelari errioxarrak 2013ko ekainaren 26an egin zuen debuta bere jaioterrian, Ezkarain, Begino kide zuela, Idoate eta Untoriaren aurka, eta leku berean jasoko du omenaldia, abuztuaren 10ean, agur-partida berezian.
Egun horretan Errioxako pilotariak Rezustarekin jokatuko du, Altuna III.aren eta Martijaren aurka. Atariko partidan Ezkurdia-Eskuza eta Dario-Bikuña bikoteak izango dira aurrez aurre.
Ia 400 neurketa jokatu ditu Estebanek hamarkada honetan. 2015ean, Promozioko Buruz Buruko Txapelketa irabazi zuen. Horrez gain, Logroñoko San Mateo Torneoan bitan gailendu da: 2017an, Rezustarekin, eta 2021ean, Zabaletarekin.
Asegarcekin debutatu zuen, eta gerora, Baikora pasa zen, 2020ko udaran, Covid garaian, enpresarekin izandako gatazkaren ostean, kanpoan geratu zen arte.
2021eko ekainean Asperekin sinatu zuen kontratua, eta bertan aritu da profesionalki jokatzeari utzi behar izan dion arte.
ERRONKA PROFESIONAL BERRI BAT: ERLEZAINA
Pilotari ezkaraiarrak adierazi duenez, bere etorkizuna frontoiekin lotuta egongo bada ere (afizionatuetan aritzeko asmoa dauka), bere etorkizun profesionala erlezaintzarekin eta erleen hazkuntzarekin lotuta egongo da.
"Osabak urrian erretiroa hartzeagatik uzten duen negozioa nik hartuko dut, maiteminduta bizi bainaiz erlezaintza ezagutu eta probatu nuen lehen egunetik", argitu du Estebanek, eta beste kirol batzuk egitea ere aurreikusi du, lehen apenas praktika zikatzeenak, hala nola "korrika egitera irten eta mendira igotzea".